Zarauztarren doinuak

Alex Gurrutxagaren doinuak

Zarauzko Hitza 2021ko abu. 25a, 09:00

Asteazkenero, zarauztar batek hautatutako bost abesti jasoko ditugu 'Zarauztarren doinuak' atalean, eta Alex Gurrutxaga da aste honetako protagonista.

Gure etxean musika oso presente egon da beti. Aitaren aita organo-jotzailea zen; eta etxean entzun eta/edo jo ditugu pianoa, akordeoia, gitarra, ahoko soinua… Eta gosaria bezain egunerokoa izan dugu kantua. Nire kasuan, etxetikako legami horri esker, musika asko entzuten segitzen dut, eta ohiko joera dut mota askotako kontzertuetara joatea ere.


Bost kantu aukeratzeko esan didate HITZAko lagunek. Bost. Ez dira asko, eta
aukeratzen hasita, dantzan hasi dira aukeraketa egiteko irizpide posibleak: onenak aukeratu, euskaldunak, egun bereziak gogorarazten dizkidatenak, guayak, ezezagunak… Baten bati bururatuko litzaioke lagun musikarienak sartzea ere, ea gero erronda ordaintzen duten. Bada, ez dut irizpidea kantu konkretuei begira ezarri. Zera galdetu diot neure buruari: ea, Alex, zer doinu mota daramatzazu zurekin? Zer genero edo ildo musikal dituzu belarrian eta barruan? Erantzuna, ezinbestean, autobiografikoa eta lotsagabea geratu zait. Barkatuko
didazuelakoan, hemen doakizue, lotsagabe-lotsagabe, bostekoa.

1) Oleskariak- Jai-alai 

Hasi Josquin des Prez-en meza zaharretatik eta gaur egungo Korsikako musika polifonikora, biziki maite ditut abesbatzek kantatutako doinuak. Oilo-ipurdia jarri izan didate Donostiako Orfeoiaren tuttiek, Zarautz Abesbatzaren Gabon kantuek edo Arrai zopa taldearen kantuek. Haurra nintzenetik datorkit musika koralaren oihartzuna, beharbada organoan aitonaren ondoan esertzen nintzenetik.

Eta, batez ere, talde bat daukat zainetaraino sartua: Manolo Urbieta maisuak gidatzen zuen Oleskariak. Altxor aparta utzi ziguten; gaur, zoritxarrez (ezjakintasun lotsagabez), gero eta ahaztuago daukaguna. Zer esango dizuet, uste dut, herri honetan, beste oilar batek joko lukeela kukurruku ezagunagoak bagenitu Jai-alai edo Mendizaleak bezalakoak.

Berriki, Euken Ostolazak sarean jarri du Euskadi kantari disko mitikoa (ikurrina eta arbola azalean zituen hura), Aizarnan grabatua 1971n. Eta, taldearen historiari buruz gehiago jakin nahi izanez gero, hor dago Ander Letamendiak osatu eta Zarauzko Udalak ateratako Oleskariak: Herriaren oihua (2010).

2) Xelin & Maddi Oihenart - Lo hadi aingürüa

Euskal musikan, aberastasun handia daukagu musika tradizional deitu daitekeen horretan. Kantu zahar dezente iritsi da gaur arte, baina gero eta gutxiago ezagutzen dira. Beharbada, ekialdean kantu zaharren tradizioak tinkoago eusten dio, edo hala iruditzen zait
niri.

Doinu zahar horietako asko harmonizatu egin zituzten musikaren maisu handiek, hala nola Charles Bordesek, Aita Donostiak edota Jesus Guridik; eta azken hamarkadetan egokitzapen popular ederrak ere egin izan dira.

Edonola ere, a capella abesten den chant Pyrénéen delakoa berezia egiten zait, melodiengatik, eta, batez ere, kantatzeko maneragatik. Entzuten izan ditudanetan, adibidez, Dominika Etxart zena, Maddi Oihenart, Jean Mixel Bedaxagar, Mixel Etxekopar edota Xendarineko ahizpak, euren ahotsaren kontrol aparteko horrekin, zerbait basatia eta zaharra berpizten dutela iruditu izan zait. Hahor, adibide bezala, Xelin eta Maddi Oihenartek abestutako Lo hadi aingürüa sehaska kantaren fintasun paregabea.

3) Josh Ritter - Be of good heart

Konturatzen naiz sei edo zazpi sail behar nituzkeela berez. Izan ere, kantautoreak, rocka, folka… nahastu eta gurutzatu egiten dira, eta sortzaile pilo bat gustatzen zaizkit.

Betidanik, euskal kantagintza asko eta asko jarraitzen dut, oraingoa nahiz aspaldikoa, eta oso barruan daramat. Beste hizkuntzetan ere, ezagutzen eta segitzen ditut bandak edo taldeak, bereziki rockaren munduko zenbait talde, baina are gehiago jarraitzen ditut kantariak; eta, normalean, kantari horiek kantautoretzaren eta rockaren (bere bariazio askotarikoen) artean ibili ohi dira. Adibide gisa, oso gustuko dudan americana estiloko kantu gozo bat aukeratu dut: Josh Ritterren Be of good heart, 2020an argitaratu zuena See here, I have built you a mansion izeneko EP bikainean.

4) G. B. Pergolesi - Stabat mater 

Musika klasiko asko entzuten dut, gero eta gehiago; jaialdietara joaten naiz (hemen inguruan nahiz atzerrian), modu digitalean entzuten dut (bulegoan, etxean, autoan); sarean bilatzen ditut obrak, erreferentziak, interpretatzaileak; musika klasikoaz hitz egiten dut adiskide adituekin, musikari buruz irakurtzen… Bistan da: egun, musika klasikoa entzuteak nire bizitzaren parte inportante bezain gozo bat hartzen du. Eta, egia esan, harritu ere egiten nau jendearen jakin-min faltak, sekula baino errazagoa (eta merkeagoa) baita musika klasikoa kontsumitzea (edo, bederen, probatzea).

Giovanni Battista Pergolesi XVIII. mendeko musikariaren Stabat mater ezaguna pieza zoragarria da. Hemen, Nathalie Stutzmannek zuzentzen du (kontralto oso ona, bide batez esanda), berak sortutako Orfeo 55 taldeak jotzen, eta bi bakarlari handik abesten dute: Emöke Barath soprano hungariarrak eta Philippe Jaroussky kontratenore izarrak. Uste dut obra osorik entzun eta ikusteko pazientzia hartzen duena ez dela damutuko.

5) Francesco de Gregori - Falso movimento

Jende gehienak bezala, hainbat hizkuntzatan entzun ohi dut musika. Atzerriko hizkuntza guztien artean, bizitzaren kontuak direla eta, italiera dut lagunena. Italiar kantari dezente gustatzen zaizkit, eta, ahal badut, kontzertuetara joan nahi izaten dut.

Une honetan, ezinbestean doakit gogoa aurten isildu diren Franco Battiato eta Milvarengana… Baina Francesco de Gregori ekarri nahi izan dut hona, asko gustatzen baitzait. Canzone d’autore delakoaren eta rockaren artean mugitzen da, eta kantugile eta letragile bikaina da. Oso ezaguna eta maitatua da Italian, eta Lucio Dalla zenarekin edo Antonello Vendittirekin ere abestu izan du, besteak beste. Dantza doinu gozoan dator Falso movimento.

De Gregori, Garbatella antzokian, 2019ko martxoan

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide