Zarauzko 44. Ikurrina jokoan zela, bigarren jardunaldia jokatu dute gaur Eusko Label ligako traineruek. Hondarribiak eta Santurtzik erakustaldia eman dute berriro ere ohorezko txandan, eta pare-parean ibili dira bi traineruak lau luzeetan. Azkenean, Ama Guadalupekoa ontzia izan da azkarrena, eta bi estropadak irabazita, Hondarribiarentzat izan da bandera. Azken zazpi urteetan Hondarribiak bost aldiz eskuratu du Zarauzko titulu preziatua. Dena den, Santurtzik jarraitzen du Eusko Label ligan buru.
Zarautzek txanda irabazi du
Lehen txandan atera dira gaur Cabo, Tiran eta Zarautz. Aurreneko luzean Cabo txandaren buruan jarri da, baina poparean Zarautzek maisuki hartu ditu olatuak, eta zazpi segundoko aldea atera dio Cabori bigarren luzean. Laburtu egin da alde hori brankaz, eta parean jarri dira berriro bi traineruak. Azken luzean ere orpoz orpo ibili dira biak, eta azkenean gehiago izan dira zarauztarrak. Tiran izan da hirugarren, beraz, bien arteko aldea bi puntu gehiago laburtzea lortu du Zarautzek gaurkoan. Liga amaitzeko lau estropadaren faltan, 43 puntu ditu gaur-gaurkoz Tiranek, eta 36 Zarautzek. Hauek izan dira gaurko denborak:
- Hondarribia 19:34,80
- Santurtzi 19:39,02
- Donostiarra 19:43,84
- Zierbena 19:44,46
- Orio 19:45,60
- Bermeo Urdaibai 20:00,54
- Lekittarra 20:09,80
- Ondarroa 20:13,16
- Zarautz-Gesalaga-Okelan 20:18,62
- Cabo 20:21,52
- Tiran 20:34,42
Hemen, estropada amaitu berritan Julen Elizasuk TKEko kazetariei egin dizkein adierazpenak:
????Julen Elizasu (@zarautzarraun) #EuskoLabelLiga pic.twitter.com/UzTxbFfFkf
— Eusko Label Liga (@actraineras_eus) August 15, 2021
Arraun Lagunak eta Orio, biak irabazle
Estropada apartarekin amaitu da gaur Euskotren liga ere. Arraun Lagunaken eta Orioren artean zegoen lehia bizia, eta biek ala biek irabazi dute gaurkoan. Oriorentzat izan da Zarauzko 13. Ikurrina bi jardunaldietako estropadak irabazita, eta Arraun Lagunakek eskuratu du Euskotren liga.
Bederatzi segundoko aldea zekarten oriotarrek gaurko estropadan bandera irabazi ahal izateko, eta abantaila handia baldin bazen ere, asko zegoen jokoan. Segundo beraren barruan ibili dira lehen luzearen hasieran Orio, Donostiarra eta Arraun Lagunak. Ziabogan atera dio aldea Oriok Arraun Lagunaki, eta poparean bi segundoko aldea aterata abiatu badira ere, Arraun Lagunakek erakustaldia eman du itzulerako luzean, eta pare parean ibili dira bi traineruak. Donostiarra eta Hondarribia atzean geratu dira itzulerako luzean. Hemen daude gaurko denborak:
- Orio-Orialki 10:51,00
- Arraun Lagunak 10:51,72
- Hondarribia 11:01,06
- Donostiarra 11:06,00