Zortzigarren egin du Zarauzko emakumeen traineruak, etxean jokatu duen lehen estropadan

Amaia Urbieta Arruti 2021ko abu. 14a, 12:24

Zarauzko emakumeen trainerua, denboraldiko beste estropada batean. (Amaia Manterola)

ETE eta KAE 2 ligetako estropadak jokatu dituzte goizean Zarauzko uretan, eta txukun ibili dira Zarautz Arraun Elkarteko bi traineruak. Emakumeak lehen aldiz atera dira lehiara etxean, eta zortzigarren egin dute. KAE 2ko ontziak, berriz, denbora aparta egin du eta hirugarren postuan sailkatu da.

Hasi da estropadaz betetako asteburua. Goizean KAE 2 eta ETE ligetako estropadak jokatu dituzte Zarauzko uretan. ETE ligan, Zarautzek bere txanda irabazi du 11:45 denborarekin, eta alde handia atera die berekin batera txandan atera diren Lapurdiri eta Castrori. Lutxanak bigarren txandan egin du arraun, eta Zarautzek baino denbora okerragoa egin du (12:36,45); puska handia atera diote bere txandako beste hiru traineruek. Hori dela eta, ligako sailkapenean aurrea hartu ahal izango Zarautzek Lutxanari. Bandera, berriz, Tolosaldearentzat izan da. Hauek izan dira ETE ligako traineruen denborak:

  1. Tolosaldea 10:59,63
  2. Hibaika 11:08,82
  3. Deusto 11:16,58
  4. Zumaia 11:27,77
  5. Ondarroa 11:28,34
  6. San Juan 11:36,22
  7. Isuntza 11:44,30 
  8. Zarautz-Gesalaga-Okelan 11:45,08
  9. Lapurdi 11:45,08
  10. Lutxana 12:36,45
  11. Castro 12:53,02

B ontziaren estropada bikaina

KAE 2 mailan lehiatzen ari den Zarauzko traineruak estropada ederra egin du gaurkoan. Bigarren txanda irabazi dute, eta sailkapen orokorrean hirugarren geratu dira. Busturialdeak eta Hondarribiaren B ontziak soilik lortu dute Zarautzek eginiko denbora (21:29,71) hobetzea. Bandera bizkaitarrentzat izan da, eta lider izaten jarraitzen dute ligan.

Hemen gaurko denborak:

  1. Busturialdea 21:12,14
  2. Hondarribia 21:14,42
  3. Zarautz-Gesalaga-Okelan 21:29,71 
  4. Mutriku 21:35,07
  5. Portugalete 21:40,28
  6. Donostiarra 21:42,80
  7. Deusto 21:51,77
  8. Hibaika 22:12,99
  9. Santoña 22:34,4
  10. Illunbe 23:11,25

Arratsaldean, punta-puntako arraunlarien txanda izango da. Arraun Lagunaken eta Orioren artean lehia bizia dago, eta gaur bertan gera daiteke erabakita Euskotren ligako irabazlea. Gizonezkoetan, berriz, Enbatak aukera izango du bolada txarrari buelta emateko, eta etxekoen babesa edukiko dute lan horretan lagun. 17:40ean hasiko dira estropadak, eta bertatik bertara ikustera joan daiteke (gehienez 300 lagun), baita telebistaz edo irratiz jarraitu ere.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide