300 arraunzalek aurrez aurre ikusi ahalko dute Zarauzko 44. eta 13. Ikurrinen lehia

Amaia Urbieta Arruti 2021ko abu. 11a, 14:06

Udaleko eta arraun elkarteko ordezkariak, Zarauzko Ikurrinaren aurkezpenean. (@actraineras)

Igande honetan erabakiko da Zarautzen aurtengo Euskotren ligako irabazlea, eta lehia bizi-bizi dago. Horretarako baldintza egokiak daudela iritzi dio udalak, eta 300 zale igaro ahalko dira Cachi Bachitik pasealekura estropadak aurrez aurre ikustera.

Asteburu honetan izango dira jokoan Zarauzko 44. eta 13. Ikurrinak. Ohi bezala, jardunaldi bikoitza jokatuko da Zarautzen, eta bereziki garrantzitsua izango da emakumezkoen lehia gorenarentzat, izan ere, bertan erabakiko da norentzat izango den aurtengo Euskotren liga. 

Iaz ezin izan zuten arraunzaleek pasealekura bertaratu estropadak ikustera, baina udalak erabaki du aurten 300 zaleri utziko diela bertaratzen, baldintzak horretarako egokiak direla iritzita. Sarrera Cachi Bachi elkartearen parean jarriko dute, eta Xabier Txurruka alkateak TKEko kideei azaldu die bere nahia dela 300 zarauztar joatea pasealekura Enbata animatzera, asko duelako jokoan etxeko ontziak. 

"Oso estropada garrantzitsua" izango da asteburukoa Gaizka Garmendiarentzat. Urte askoren ondoren, iaz TKEn lehian zirela jokatu zuten etxeko estropada, baina ezin izan zen arraunzalerik bertaratu, eta "arantzatxoa" zutela azaldu du Garmendiak. "Aurten gauzak ez zaizkigu nahiko genukeena bezain ondo ateratzen ari, baina asteburu honetan zarauztarren babesa espero dugu", gaineratu du patroiak. Jon Artola Zarautz Arraun Elkarteko presidenteak uste du egutegiko estropadarik garrantzitsuenak direla Zarauzkoak, eta azpimarratu du Euskotren ligan lehia bizia dagoela. Bestetik, udalari eskertu dio Zarauzko Ikurrina traineru denboraldiko egutegian sartzeko egiten duen lana.

Bi egun eta lau liga

Euskotren eta Eusko Label ligetako jardunaldiez gain, ZAEko ontziak lehian dabiltzan KAE 2 eta ETE ligetako estropadak ere izango dira asteburuan Zarautzen. Hain zuzen, larunbatean 11:00etan KAE 2ko arraunlarien txanda izango da, eta jarraian, 12:00etan ureratuko dira ETE ligakoak. 

Larunbat arratsaldean, 17:40ean hasiko da Euskotren ligako lau traineruen estropada. Jarraian, 18:00etan hasiko dira lanean Eusko Label ligako ontziak. Lehen txandan aterako da Enbata, etxeko trainerua. Bigarren jardunaldian, igandean, 11:30etik aurrera jokatuko dituzte estropadak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide