Udaltzaingoak asteburu honetan esku hartu du hainbat arau hausteren aurrean, eta horien berri eman eta "gizalegerako" deia egin du udalak.
Alde batetik, malekoiko bi tabernaren aurkako salaketak daudela azaldu du prentsaohar bidez, "ordutegitik kanpo beladoreetan kontsumitzen jarraitzen zutelako". Hiru salaketa bideratu dira "bide publikoan alkohola kontsumitzeagatik", eta pertsona bat identifikatu eta salatu dute "segurtasun agenteei desobeditzeagatik".
Bestalde, kanpatuta zeuden 101 ibilgailu jaberi adierazi diete "kanpinera edo Abendañoko autokarabanen gunera joan behar dutela". Horrez gain, larunbat goizaldean babestutako Biotopoaren inguruan hiru kanpin dendatan kanpatzen zeuden zazpi lagun bertatik mugituarazi dituzte eta, azkenik, lau pertsona identifikatu eta salatu dituzte malekoian camping gasarekin kozinatzeagatik, eta beste lau identifikatu zituzten asteburuan ustez hiru zakarrontzi erretzeagatik.
"Udako denboraldiaren puntu gorenean gaude, oporretan dagoen jende askorekin eta gure herrian ondo pasatzeko gogoz dauden bisitariekin; horrek ez du esan nahi gizalegezko eta bizikidetzako gutxieneko arauak arautzen dituzten ordenantzak gainditu daitezkeenik, are gehiago, oraindik pandemia egoeran gaudelako", azaldu du oharrean Xabier Txurruka alkateak. "Osasun arauak betetzeko eta Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren aginduak errespetatzeko" eskaera ere luzatu du Txurrukak.