Juanjo Alvarez: "Ezin ulertuzkoa da gai honetan egon den legegintza nagikeria"

Arantxa Iraola/Berria 2021eko abuztuaren 9a

'Sei gogoeta izurriaz' seriearen barruan, Juanjo Alvarez Zarauzko bizilagunari egindako elkarrizketa argitaratu zuen larunbatean Berria hedabideak. Zuzenbideak koronabirusaren krisian jokatu duen papera izan du hizpide, eta kritiko agertu da Zuzenbide Pribatuko katedraduna.

Izurriari aurre egiteko neurriak hartzeko eskumenen gaineko albisteak, horien egokitasunaren gaineko iritzi eta adierazpenak, hedabideetan naro ibili dira osasun krisi honetan, zalaparta artean usu. EHU Euskal Herriko Unibertsitatean Zuzenbide Pribatuko katedradun Juanjo Alvarezek onartu du (1964, Zumaia, Gipuzkoa) COVID-19aren pandemia erronka zail askoren sorburua izan dela beste alor askotan bezala zuzenbidearenean ere, eta motel ibili dela askotan. Zuzenbideak "erreminta kaxa" izan behar duela defendatu ohi du, konponbideetan lagundu behar duela; aldiz, errealitate berri eta korapilatsu honetan askotan "murru" izan dela ikusi du. Arranguraz egin du adierazpena; izan ere, inoiz baino garrantzi handiagoa izan dute erantzunaren egokitasunak eta doitasunak, izurria hesitze aldera neurri zorrotzak hartu behar izan baitira, herritarren oinarrizko eskubideak mugatu dituztenak, aurrez irudikatzen ere zail zen modu batean. Alarma egoeraren aldeko hautua egin dute hainbat administraziok bide horretan; Espainiako eta Frantziako gobernuek, adibidez. Izurriaren hastapenetan, hautuak dudak eragin zizkiola onartu du: "Lehen sentipena izan zen: proportzionala ote da? Ez zen bermeak bilatzen zituen ikuspegi bat antzematen hor, baizik eta salbuespenera begirakoa". Jardun legegileari begira kritikoa da, egoerari erantzuteko ordenamendu juridiko bat ehuntzen ez delako asmatu.

Alarma egoeraren bitartez, eskubide ugari mugatu dira iragan hilabeteotan. Espainiaren kasuan, auzitan jarri du orain Auzitegi Konstituzionalak gobernuak ezarritako lehen alarma egoera, eta haren ondoriozko konfinamendua. Halako zerbait egiteko, salbuespen egoera ezarri behar litzatekeela ebatzi du. Zer iritzi duzu epaiaz?

Burugabekeria bat iruditzen zait ebazpen hori. Izan ere, itxura batean bermeen izenean, auzitan jartzen ditu gure askatasunak eta betebeharrak, eta atea irekitzen dio salbuespen egoerari. Ematen duen argudioa, gainera, oso pobrea da. Zera esan da ebazpen horretan: konfinamendua konstituzioaren kontrakoa izan zela alarma egoerak ez zuelako hori egiteko biderik ematen, baina hori ez da egia. Eta Auzitegi Konstituzionalaren beraren jurisprudentzia dago horren inguruan. Eskubidearen murrizketa, oso larria izanda ere —eta kasu honetan etxean utzi gintuen, etxeko balkoian jarri eta txaloka— kontrol bati lotua zegoen: ez zen desagertu. Konstituzionalaren ebazpenak dio marra gorri bat igaro zela: eskubidea mugatu ez, bertan behera utzi zela. Eta hori okerra da. Bertan behera uzten bada, eskubide bat desagertu egiten da; kasu honetan, ordea, erreklamazioak egiteko aukera eta bermea hor daude. Ebazpen horren argudioak nik ezin ditut estatu demokratiko batekin lotu.

Salbuespen egoera aipatzeak egiten du bereziki larria?

Guztiz. Ez dela hori gertatuko esaten ari dira. Ja, eta Vox gobernura heltzen bada? Baina, horretaz aparte ere, niri ez zait diskurtso hori gustatzen: nik nire eskubideak badiren bermea izan nahi dut. Ebazpena esaten ari da berme gehiago leudekeela salbuespen egoerarekin? Bada, behin egoera hori ezarrita, gobernuak nahi duena egiteko era du: nahieran. Ebazpena ikaragarria da, eta ez dakit zer-nolatan ez den horren aurrean erantzun legegile bat emateko urratsa egin. Legegileari dagokio bermeak ematea.

Eta kasu honetan ez dira eman?

Espainiako botere legegileak nagikeria erakutsi du alde horretatik. Aurrera egite aldera, bi bide leudeke. Baga: pandemiaren kontrako lege bat egitea. Biga: egun osasun arloan dagoen legeria organikoa moldatzea. Espainiako Parlamentuko gehiengoak alarma egoeren luzapenak onartu bazituen, izan zen ikusi zuelako ez zegoela beste biderik. Hara, ba egin zezatela urratsa era ordenatuago batean, eta izan zitezela proaktiboak. Aurrea hartu behar zaio egoerari, eta alderdikerietatik aparte egon behar luke horrek; zuzenbideak erantzun egin behar du. Arduragabekeria izan da hori. Eta areago, burutazio bat dela esango dute hainbatek, baina nire ustez Eusko Legebiltzarra ere erabili behar litzateke bide horretan, hantxetik Espainiako Gorteei lege proposamen bat helarazteko. Ados, ez dute eskumenik legea aurrera eramateko, baina proposamena egin dezakete: hori ere bide erakargarri bat izan zitekeen. Baina, oro har, laburbilduz, ezin ulertuzkoa izan da gai honetan egon den legegintza nagikeria. Eta oraindik nabarmenagoa da hori Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenaren ostean.

Lege propio bat egitea, edo daudenak moldatzea. Bi aukera daudela esan duzu. Horiek garatuta, alarma egoerarik ez litzateke behar ja gehiago?

Salbuespenekoa litzateke. Egokiena litzateke propio pandemiaren kontrako lege bat egitea: gaiari buruz beste lege batzuetan jartzen duena jasoko lukeen lege bat. Beste lege horiek zentzua izaten jarraituko lukete, baina ad hoc egindako lege batek esparru juridiko arautzaile garrantzitsu bat emango luke. Horixe litzateke niretzat formularik egokiena.

 

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Berria.eus-en webgunean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide