Atzo hil zen Flor Illarramendi, herriko eta inguruko liburu denda bakarra zabaldu zuen pertsona, 73 urte zituela. Azken agurra bihar egingo diote, zazpietan, Andra Mari Zeruratzea parroki elizan.
1973an, frankismoaren azken urteetan, zabaldu zuen Illarramendi gazte zarauztarrak Garoa liburu denda Trinitate kalean. Harrezkero, herriko erreferentziazko liburu denda izan da, eta azken urteetan inguruko herrietako hainbat literatur zaleren ezinbesteko geltoki ere bihurtu da. Izan ere, gaur egun Garoa da Zarautzen eta inguruan zabalik dagoen liburu denda bakarra. Urte luzez Illarramendi eta haren senar Imanol Agirre arduratu ziren dendaren martxaz, eta duela urte batzuk horien semeek hartu zuten lekukoa. Liburuen salerosketarako gune ez ezik, beste hainbat ekintzen eszenatoki ere bada Garoa. Bertan egin dira, besteak beste, Paperezko Kontzertuak edota hamaika liburu aurkezpen.