Maila mantentzea zailagoa du Zarautzek Galiziako estropaden ondoren

Zarauzko Hitza 2021ko abu. 8a, 16:00

Asteburu honetan Galizian jokatu diren bi estropaden ondoren, zailagoak ditu gauzak Enbatak maila mantentzeko. Tiranek Zarautzekiko duen aldea hamar puntura igo da Rianxon eta Boiron zarauztarren aurretik sailkatu ondoren.

Boiron jokatu da gaur Eusko Label ligako estropada, Arousako itsasadarrean, XXXI Bandeira Concello de Boiro, hain zuzen. Atzo Rianxon gertatu ez bezala, arraunerako baldintza hobeak izan dituzte gaur arraunlariek, baina Zarautz, gogor saiatu bada ere, azkena izan da estropadan.

Lehen txandan aritu da Enbata, Ares, Tiran eta Lekittarrarekin batera. Sailkapenean aurretik duen Tiranek baino denbora hobea lortzea zuten zarauztarrek helburua –atzo ere atzetik bukatu zuten–, baina gaurkoan ere ez da posible izan. Semaforoa berde jarri eta berehala, bi traineru galiziarrak, Tiran eta Ares, estropadako buruan jarri dira; metro batzuetara geratu dira Lekittarra eta Zarautz. Estropadak aurrera joan ahala, aldea handitzen joan da, eta denentzako garbi geratu da txanda honetan bi borroka izango zirela: galiziarren aldetik bat txanda nork irabaziko zuen erabakitzeko, eta azken postua ekiditekoa bestea. Bigarren txandan Orio eta Hondarribiaren artean gertatuko zenaren antzera, Lekittarrak eta Zarautz borroka gogorra eskaini dute hamabigarren postutik ihes egiteko. Azken txanpan bizkaitarrak izan dira nagusi Enbataren aurretik: 22 ehuneko aldea izan da Lekeitiokoen alde. Txanda Aresek irabazi du, eta bigarren izan da Tiran; hirugarren Lekittarra eta laugarren Zarautz. Bandera Santurtzik irabazi du.

Hemen ikus daitezke estropadako denborak.

Sailkapen orokorrean azken postuan jarraitzen du Zarautzek, baina bi estropada hauen ondoren Tiranek Enbatari ateratzen zion aldea handitu egin da; gaur gaurkoz, hamar puntu daude hamabigarren den Zarautz eta postu bat aurretik dagoen Tiranen artean. 

Hemen dago sailkapen orokorra. 

Datorren asteburuan Zarautz bertan izango da Eusko Label ligako karabana; Zarauzko XLIV. Ikurrina jokatuko dute larunbatean eta igandean. 

KAE-2ko ontzia, Trintxerpen

KAE-2 ligarako puntuagarria den Txintxerpeko Bandera jokatu zen atzo arratsaldean, Pasaiako badian. Mutriku izan zen parte hartu zuten hamar ontzien artean azkarrena, eta berak irabazi zuen bandera. Zarauzko B ontzia zortzigarren izan zen atzo. Sailkapen orokorrean zazpigarren dira urdinak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide