Herriko saltokien diseinuen agertokia izango da Torreoia larunbatean

Amaia Urbieta Arruti 2021eko abuztuaren 5a

Udaleko, Murkileko eta Gipuzkoa de Modako ordezkariak, Zarautz Modan desfilearen aurkezpenean. (Amaia Urbieta Arruti)

Zarautz Modan desfilea egingo dute larunbatean Torreoian, 19:00etatik aurrera. Herriko hamahiru saltokik beren diseinuak aurkeztuko dituzte bertan.

Laugarren aldiz egingo dute Zarautz Modan desfilea larunbatean, 19:00etatik aurrera. Udalak eta Gipuzkoa de Moda elkarteak antolatzen dute Murkilekin eta beste hainbat dendarirekin elkarlanean, eta gaur aurkeztu dute larunbateko hitzordua malekoian, udaleko ordezkariek, Murkilekoek nahiz Gipuzkoa de Moda elkarteko Laura Chamorrok. Xabier Txurruka alkatearen arabera, udalak uste du "zor" diela "Zarautzen modan jarduten duten guztiei halako babes berezia, batez ere, aurtengo eta iazko urteak gogor joan direla kontuan hartuta".

Torreoia izango da aurtengo Zarautz Modanen eszenatokia, eta gustura daude aukeraketarekin antolatzaile guztiak. "Irudi ikusgarriak" lortzeko aukera emango du, Txurrukaren arabera. Besteak beste, aforo kontuengatik erabaki dute aurtengo desfilea Torreoian egitea, malekoian egin beharrean. 120 lagun inguru bertaratu ahalko dira, eta dagoeneko gonbidapen guztiak banatuta dauden arren, joan ezin dutenek hurrengo egunean ikusi ahalko dute, sarean. Laura Chamorrok ere hitzorduari buruzko hainbat xehetasun eman ditu aurkezpenean. "Denetarik" ikusi ahal izango dela azaldu du: "emakumezkoen moda, gizonezkoena, kasuala, festetarakoa, bilduma desberdinak, udako bildumak, udazken-negukoak, ezkontzetako soinekoak...". Hauek izango dira, hain zuzen, larunbateko desfilean parte hartuko duten saltokiak: El Atelier Nupcial, Vulcano, Optika Zarautz, La Ventana Natural, Estetica May, Orizar burdindegia-etxeko tresnak, Transit, Neie ileapaindegia, Marta Arribas, Nagusia 16, Eco granela, Doddys mujer, Doddy's hombre eta Estrategia Bikolore.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide