Aurrera doaz abuztuko traineru estropadak ere. Asteburu honetan Galiziara bidaiatuko dute Eusko Label ligako taldeek, eta tartean izango dira Zarautz Arraunketa Elkarteko mutilak ere. Larunbatean Rianxoko uretan jokatuko dute Barbanza Arousa bandera, 18:00etan hasita. Igandean, ordea, Boiron izango dute jardunaldia, 12:00etan. XXXI. Concello de Boiro bandera izango da jokoan.
Zarautz azkena da Eusko Label ligako sailkapen orokorrean, eta 26 puntu lortu ditu oraingoz. Haren aurretik dago Tiran Pereira, 11. postuan, 33 punturekin. Santurtzi dago aurreneko postuan (106 puntu), Hondarribia bigarrenean (101 puntu) eta Zierbena hirugarrenean (88 puntu).
Emakumezkoen bigarren ligako taldeak Ondarroan arituko dira larunbatean, 12:00etatik aurrera. XXXVII. Ondarroako Bandera irabazteko lehia izango da aste honetakoa, eta parte hartuko dute ZAEko neskek ere.
Zarauztarrak bederatzigarren postuan daude ETE ligako sailkapen orokorrean, 3,44 punturekin. Zortzigarren sailkatua da Lutxana (3,75 puntu) eta bederatzigarrena Lapurdi (2,44 puntu). Tolosaldea da liderra (10,67 puntu), bigarrena Deusto (9,78 puntu) eta hirugarrena Hibaika (9,22 puntu).
KAE2 ligako mutilek, berriz, Pasaian jokatuko dute Trintxerpeko Bandera, larunbatean, 17:30ean hasita. Han izango da ZAEko bigarren ontzia; zazpigarren postuan dago momentuz.
Hurrengoa, Zarautzen
Emakumeen liga nagusian atseden hartuko dute asteburu honetan. Bi jardunaldi puntuagarri besterik ez zaizkie geratzen Euskotreneko taldeei, eta Zarautzen jokatuko dira biak abuztuaren 14an eta 15ean. Bi egun horietan Eusko Label ligako taldeek ere izango dute jokoan Zarauzko XIII. Ikurrina.