25 kasu zenbatu dituzte Zarautzen asteburuan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko uzt. 26a, 13:55

Eremu gorrian jarraitzen dute 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herri guztiek, baina Zarautzen jaitsi egin da apur bat intzidentzia tasa. Hego Euskal Herrian ia 5.000 kasu zenbatu dituzte azken hiru egunetan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur jakinarazi du zenbat kasu positibo baieztatu dituzten herri bakoitzean asteburuan. Ostiraletik igandera bitartean, 101 kasu atzeman dituzte Urola Kostan (aurreko asteburuan 109 izan ziren), horietatik 25, Zarautzen. Ostiralean hamabost kasu zenbatu zituzten herrian, zazpi larunbatean eta zortzi atzo. Intzidentzia tasa oraindik oso altua bada ere, ostiralaz geroztik behera egin du apur bat: 818,09an zegoen ostiralean, eta 809,53an dago orain.

Eskualdera begira jarrita, Azpeitian zenbatu dituzte positibo gehien: 28 –bi ostiralean, hamabost larunbatean eta 11 atzo–. Bertako intzidentzia tasa 512,48tik 663,6ra igo da ostiraletik. Zumaian hamasei kasu izan dira azken hiru egunetan –bederatzi ostiralean eta zazpi larunbatean–, baina han ere behera egin du kasu metatuen tasak, 1383,94tik 1210,95era. Dena den, oraindik ere Zumaia da intzidentzia tasarik altuena daukan eskualdeko udalerria. Azkoitian hamahiru kasu baieztatu dituzte asteburuan –zazpi ostiralean, lau larunbatean eta bi atzo–; herri horretan, Azpeitian bezala, zertxobait gora egin du intzidentzia tasak ostiraletik, 1143,29tik 1151,63ra. Orion hamar positibo detektatu dituzte –launa ostiralean eta larunbatean, eta bi atzo–, eta han ere hazi egin da tasa. 831,7koa zen aurreko ostiralean, eta 864,32ra igo da asteburuko datuekin. 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herri guztiak daude gorrian; alegia, Azpeitia, Zarautz, Zumaia, Azkoitia eta Orio.

Zestoan zazpi lagunek eman dute positibo asteburuan –bik ostiralean, hiruk larunbatean eta beste bik atzo–, eta gora egin du intzidentzia tasak, 487,93tik 642,01era. Getarian eta Aian, aldiz, kasu positibo bana zenbatu dute, eta jaitsi egin dira bi herri horietako kasu metatuen tasak –742,05etik 671,38ra eta 403,02tik 352,64ra, hurrenez hurren–. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen ez da kasurik izan azken hiru egunetan; hutsean daude Aizarnazabalgo eta Beizamako intzidentzia tasak, eta 322,06an Errezilgoa.

4.879 kasu Hego Euskal Herrian

Ostiraletik igandera bitartean 4.879 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian. Atzo, zehazki, 508 kasu izan ziren Bizkaian, 312 Gipuzkoan, 289 Nafarroan, 101 Araban eta 21 lau lurralde horietatik kanpo bizi diren pertsonen artean. Atzoko probetan positibotasun tasa %13,1ekoa izan zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan –%14,1koa izan zen bezperan–, eta %14,3koa Nafarroan.

Osakidetzaren ardurapean dauden erietxeetan okerrera egin du egoerak asteburuan. Atzoko datuen arabera, COVID-19ak jotako 227 lagun zeuden ospitaleratuta –191 ziren ostiralean– eta horietako 56 zeuden ZIUetan –ostiralean baino lau gehiago–. Atzo 46 ospitaleratze izan ziren Osakidetzan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide