Aurreko jardunalditik ziurtatuta zeukan Badok 13 traineruak La Salve ligako txapeldun izango zela, eta asteburuan berriro ere frogatu dute Zarauzko arraunlari beteranoek ondo merezia dutela titulua. Pontejosen (Kantabria, Espainia) jokatu zen larunbat arratsaldean La Salve beteranoen ligako azken estropada, eta bandera hori ere etxera ekarri zuten Badok 13koek. Ez dute lan makala egin, izan ere, denboraldiko bandera guztiak eskuratu dituzte. Gainera, larunbateko lehia "berezia" izan zen taldekideentzat, izan ere, lehen aldiz emakume batek parte hartu zuen La Salve ligako estropada batean. Hain zuzen, Amaia Aramendi arraunlaria izan zen aitzindaria.
Taldekoek azaldu dute estropada "oso gogorra" izan zela hasieratik, eta lehen bi luzeetan ontziak oso parekatuta ibili baziren ere, hirugarren luzean hautsi zuen lehia Badok 13k. Lau segundoko aldearekin, lehen postuan gurutzatu zuen helmuga zarauztarrek eta oriotarrek osatutako ontziak.