Egungo egoerak baldintzatuta, ohiko Getaria-Zarautz itsas zeharkaldiaren ordez, bi trabesia antolatu ditu astebururako Zarautz Balea Igeriketa Elkarteak: larunbaterako, 5.000 metroko distantzia duen Zarautz-Mollarri-Zarautz eta iganderako 3.000 metro dituen Zarautz-Ubiri-Zarautz. Biak ala biak 09:00etan hasiko dira, Munoa azpitik, eta La Perla parean helmugaratuko dira.
Orotara, 1.400 lagunek eman dute izena –200ek larunbaterako, eta 1200ek igandera, alegia–, eta parte hartzearekin oso gustura agertu da antolakuntza, gaur-gaurkoz daude baldintzak kontuak izanda. "Datorren urtean probaren 50. urteurrena behar bezala ospatzeko indarra ematen digu honek", adierazi du Pablo Cazalis Balea Igeriketa Elkarteko kideak.
Segurtasun protokoloa
Proba egunerako, COVID-19 protokolo zorrotza jarriko dute Duke-Enea azpian, malekoian. Ordutegiak jarriko dituzte partaide guztiak talde ezberdinetan sailkatzeko; Zarautz-Mollarri-Zarautz probakoak multzo bakarrean aterako badira ere, Zarautz-Ubiri-Zarautzekoak 250 igerilariz osatutako bost taldetan banatuko dituzte, eta 5-10 minutuko aldearekin aterako dira. Taldek guztiak sarreratik sartuko dira eta dortsala jarri aurretik tenperatura hartuko zaie. Irteera gunean kendu ahal izango dute maskara.
Garaikurra sailkapeneko lehenengo hiruentzat izango da, emakumezkoetan zein gizonezkoetan. Lehen hiru zarauztarrarentzat edo Zarautz Balea Igeriketa taldekoentzat ere saria izango da emakumezkoetan eta gizonezkoetan.