21 kasu gehiago zenbatu zituzten atzo Zarautzen

Anartz Izagirre 2021ko uzt. 21a, 13:13

Datuek okerrera egiten jarraitzen dute Hego Euskal Herrian (bi milatik gora kasu atzeman dituzte egun bakar batean), eta Zarautz ez da salbuespena. Azken bi egunetan 41 kasu atzeman dituzte herrian, eta intzidentzia tasa 723,86ra igo da.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak plazaratu ditu atzo, asteartea, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta egoerak okerrera egiten jarraitzen du eguna joan eta eguna etorri. Izan ere, 62 kasu berri hauteman dituzte Urola Kostan —herenegun baino hamabost gehiago—, eta eskualdeko herri handi gehienek eremu gorrian jarraitzen dute.

Eskualdeko kasurik gehien Zarautzen atzeman dituzte: 21. Herri horretako 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako tasak gora egiten jarraitzen du etengabe, eta uneotan 723,86koa da. Bestalde, Azkoitian 11 kasu hauteman dituzte, eta intzidentzia tasak milatik gorakoa izaten jarraitzen du; hain zuzen ere, kasu berriekin 1.051,49ra igo da tasa. Dena den, Zumaian dute egoerarik okerrena; izan ere, herenegun baino bost kasu gehiago zenbatu zituzten atzo, eta 1.241,48ra igo da tasa. Kopuru horrekin, eskualdeko 5.000 biztanletik gorako herrietatik tasarik altuena duen herria da Zumaia.

Bestalde, Azpeitian zortzi kasu zenbatu dituzte, eta 361,37 da intzidentzia tasa. Eremu laranjan jarraitzen badute ere, oso gertu dute eremu gorria. Orion, berriz, sei kasu izan dira, eta 636,01era igo da intzidentzia tasa. Eskualdeko gainontzeko positiboak, berriz, Getarian (hiru), Zestoan (bi) eta Aian (bat) izan dira. Honakoak dira herri horietako intzidentzia tasak: 565,37 Getarian, 385,21 Zestoan eta 403,02 Aian.

Bi milatik gora, Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herriko egoerak ere okerrera egiten jarraitzen du nabarmen. Atzo, 15.831 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurraldeetan, eta positiborik gehien Bizkaian atzeman zituzten (873). Ondoren, Gipuzkoan (481), Nafarroan (459) eta Araban (189). Positibotasun tasak ere oso altua izaten jarraitzen du; %12,4 da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %14,9 Nafarroan.

Ospitaleetan ere presio gehiago dute apurka-apurka. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 234 pertsona daude erietxeetan, eta horietatik 45 dira ZIUetan daudenak. Nafarroan, berriz, 80 pertsona daude ospitaleratuta, eta horietatik 12 dira ZIUetan daudenak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide