Emakumeen Pala Txapelketako finalerdiak jokatu zituzten atzo, eta kantxaratu ziren lau bikoteek borrokatu zuten finalera sailkatu ahal izateko. Lehen norgehiagoka benetan estua izan zen, eta tanto bakarreko aldearekin irabazi zuen Irati Tolosa - Ainhoa Lakuntza bikoteak Garbiñe Tijero-Enara Maziziorren aurka, 30-29koarekin.
Bigarren partidan, aldiz, zertxobait lasaixeago, iazko txapeldun Saioa Iraola-Maialen Manterola gailendu ziren 30-21eko emaitzarekin Amaia Aizpuru-Idoia Arrillaga bikoaren aurka.
Ondorioz, iazko bi bikoteak iritsi dira aurten ere finalera; hasiera batean iganderako, hilaren 25erako, iragarrita bazegoen ere, azkenean bihar arratsaldean jokatuko da, 18:30ean. Lehenik eta behin, 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida jokatuko da, eta ondoren final nagusia.