Zumaian jokatu dute estropada gaur ETE ligako traineruek. Zarautz-Gesalaga-Okelanen ontzia lehen txandan ureratu da, eta lehena izan da hiru ontzien artean lanak amaitzen, 11:20,50 denboran. Sailkapen orokorrean zazpigarren postua lortu du, eta aurkari zuzena den Lutxanak baino azkarrago burutu ditu bi luzeak Zarautzek. Ligako sailkapenean bederatzigarren dira zarauztarrak, baina gaur lortutako puntuei esker zortzigarren postuan den Lutxanagandik oso gertu kokatu dira.
Bestalde, Tolosaldeak irabazi du gaurko bandera, nagusitasunez. Ligako sailkapenean ere liderra da gaur-gaurkoz.
Atsedena izango dute ETE ligako arraunlariek datorren asteburuan. Bien bitartean, abuztuaren 1ean jokoan izango duten Emakumeen Traineru Elkartea III. Banderarako prestatzen jarraitu beharko dute. Gaur izandako emaitza onei esker, bigarren txandan aterako da ZAE estropada horretan.
Sailkapena:
- Tolosaldea 10:51,41
- Hibaika 10:57,37
- Deusto 10:58,05
- San Juan 11:00,73
- Ondarroa 11:04,59
- Zumaia 11:06,69
- Zarautz 11:20,50
- Lutxana 11:30,20
- Lapurdi 11:41,89
- Castro 11:44,80