Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu ditu atzo, osteguna, egindako PCR eta antigeno testen emaitzak, eta guztira, 48 positibo atzeman zituzten atzo Urola Kostan. Herenegun baino kasu gutxiago dira —62 izan ziren orduan—; halere, eskualdeko herrietako intzidentzia tasek gora egiten jarraitzen dute.
Positiborik gehien Azkoitian eta Zarautzen atzeman dituzte, hamazazpi eta hamasei, hurrenez hurren. Azkoitian azken bi egunetan nabarmen egin du gora 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako tasak, eta gaur-gaurkoz, 717,68koa da tasa. Zarautzen ere egoera ez da askoz hobea; izan ere, 462,49tik 513,98ra igo da intzidentzia tasa, eta eremu gorrian jarraitzen du.
Bestalde, Zumaian zortzi kasu hauteman zituzten atzo, eta uneotan 1.119,37ko tasarekin Urola Kostako intzidentziarik altuena duen herria da. Azpeitian, bestalde, lau izan ziren probetan positibo emandakoak, eta intzidentzia tasak zertxobait gora egin du; une honetan, 308,80koa da tasa, eta eremu laranjan dagoen eskualdeko herri bakarra da.
Positiboak atzeman dituzten beste herria Aia izan da. Bi kasu izan ziren atzo han, eta 352,64koa da tasa. Gainontzeko herrietan, berriz, ez da kasu berririk izan, eta honakoak dira herri horietako intzidentzia tasak: Aizarnazabalen 390,12, Beizaman hutsa, Getarian 282,69, Orion 407,70 eta Zestoan 282,49.
Ospitaleetako presioa, gora
Hego Euskal Herrian ere egoerak okerrera egiten jarraitzen du. Atzo, guztira, 15.872 PCR eta antigeno test egin zituzten lau lurraldeetan, eta horietatik 1.967 izan ziren positibo eman zutenak. Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman zituzten kasurik gehien (672), eta ondoren, Nafarroan (622), Gipuzkoan (482) eta Araban (163). Positibotasun tasari dagokionez, %11,3 da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; Nafarroan, berriz, %15,6.
Ospitaleetako presioak ere nabarmen egin du okerrera. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 157 pertsona daude erietxeetan, eta horietatik 31 dira ZIUetan daudenak. Nafarroan, berriz, 40 pertsona daude ospitaleratuta, eta horietatik hamar daude ZIUetan.