Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak argitaratu berri duen txostenaren arabera, 38 kasu positibo atzeman zituzten atzo egindako probetan Urola Kosta eskualdean. Duela astebete atzemandakoen bikoitza baino gehiago da hori, izan ere, aurreko astelehenean hamasei positibo zenbatu zituzten.
Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Zestoan izan ezik, eskualdeko herri guztietan atzeman zuten kasuren bat atzo. Zehazki, hamar zenbatu zituzten Zarautzen, zortzina Azpeitian eta Zumaian, bost Azkoitian, lau Orion, bi Aian eta bat Getarian.
Positibo berrien gorakada nabarmenak eragina izan du herriz herriko intzidentzia tasetan ere, eta kasuak atzeman dituzten herri guztietan egin du gora adierazle horrek. Une honetan eremu laranjan sartuta daude Azkoitia (350,50), Orio (326,16) eta Zarautz (368,36). Zumaiak eremu gorrian jarraitzen du (885,32), eta eremu horiari eusten dio Azpeitiak (256,24). Aian (251,89) eta Getarian (141,34) ere igo egin da intzidentzia tasa.
Kopurua gora, positibotasun tasa behera
Osakidetzak plazaratutako datuen arabera, 12.539 proba egin ziren atzo guztira Hego Euskal Herrian, eta horietatik 1.272k eman zuten positibo. Atzo baino gehiago badira ere, positibotasun tasak hobera egin du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan: %8,3koa da tasa hori gaur, eta %9,2koa zen atzo. Nafarroan, berriz, gora egin du datu horrek apur bat: proba egin dutenen %15,9k eman dute positibo gaur lurralde horretan, eta atzo %15,5ek. Lurraldeka atzemandako datuei erreparatuz gero, 94 kasu zenbatu zituzten Araban, 404 Bizkaian, Gipuzkoan eta 484 Nafarroan. Bestetik, 346,68koa da gaur egun Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako intzidentzia tasa.
Berririk onena ospitaleetatik dator gaurkoan; izan ere, atzokoan 26 ospitaleratze berri izan baziren ere, Zainketa Intentsiboen Unitateetan dauden pazienteak 23 dira egun (atzo baino bost gutxiago). COVID-19agatik ospitaleratuta dauden gaixoak, berriz, 87 dira denera (atzo baino bost gehiago).