1.041 kasu berri baieztatu dituzte Hego Euskal Herrian, duela astebete baino ia 400 gehiago

Zarauzko Hitza 2021ko uzt. 10a, 13:05

Joan den ostiralean egindako probetan 650 positibo berri zenbatu zituzten Hego Euskal Herrian; azken orduetan, ordea, 1.000 kasu baino gehiago izan dira. Positibotasun tasak ere gora egin du.

Azken bi asteetan igo egin da Hego Euskal Herrian detektatutako kasu berrien kopurua. Atzo, uztailaren 9an, koronabirusa atzemateko 11.926 test egin zituzten Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, eta 1.041 lagunek eman dute positibo guztira. Duela astebete 650 kasuren berri eman zuten Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak; orain dela bi aste, aldiz, 243 kasu baieztatu zituzten.

Bizkaian atzeman dituzte kasu gehien azken orduetan, hain zuzen, 352. Nafarroan zenbatutako kasuak 304 izan dira; 263 positibo zenbatu dituzte Gipuzkoan, 91 Araban eta 31 lau lurralde horietatik kanpo.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 9.384 proba egin zituzten atzo. Horietatik 737 izan ziren emaitza positiboak, hau da, %7,9. Positibotasun tasak, beraz, gora egin du azken astean, duela astebete %5,9 izan baitziren positiboak. Nafarroan ere igo egin da positibotasun tasa astebetean, %10,5etik %13,3ra.

Osakidetzaren ardurapean dauden erietxeetan 23 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, bezperan baino lau gutxiago. Zainketa Intentsiboko Unitateetan dauden lagunen kopurua, dena den, berdin mantendu da: 28 ziren atzo, eta 28 dira gaur-gaurkoz ere.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide