Moda desfilea egingo dute Torreoian abuztuaren 7an

Aritz Mutiozabal 2021eko uztailaren 10a

Egitasmoan parte hartu nahi duten saltokiek hilaren 12a bitartean bidali dezakete gatc@zarautz.eus posta elektronikora mezu bat beraien datuekin.

Murkil merkatarien elkartearekin elkarlanean, moda desfilea antolatzeko asmoa du udalak abuztuaren 7an, eta ekitaldia aurrera eramateko Gipuzkoa de Moda-ren laguntza edukiko du. Beste urte batzuetan malekoian egin izan da, baina oraingo honetan Torreoian egingo dute, eta publikoaren edukiera oso mugatua izango da, COVID-19ak eragindako pandemia eta espazioa bera kontuan hartuta. Udalak eta Murkilek bere gain hartuko dute ekitaldiaren kostua, Eusko Jaurlaritzaren laguntza bati esker.

Bertan parte hartu nahi duten dendek mezu bat bidali beharko dute gatc@zarautz.eus posta elektronikoa, dendaren datu jakingarrien berri emanez -izena, helbidea, telefonoa eta sektorea-, hilaren 12ko 12:00ak baino lehen. Izena emandako dendek ezarritako gehiengoa gaindituko balute, antolakuntzak erabakiko du zeintzuk parte hartuko duten. Kanpoan geratzen diren saltokiak beste kanpaina batzuetan parte hartzeko hartuko dira kontuan.
 
Aurreratu dutenez, desfilea arratsaldez izango da, 19:00etan hasita, eta beste urte batzuetan ez bezala, ekitaldia ez dute telebistaz emango, baina sare sozialen bitartez jarraitu ahal izango da. Informazio gehiagorako edo zalantzak argitzeko, aipatu posta elektronikora idatzi daiteke.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide