Indarrean dauden neurriak mantentzea erabaki du Labik

Amaia Urbieta Arruti 2021ko uzt. 7a, 10:38

Hamabost egun barru egoera berriro aztertuko dutela adierazi du Iñigo Urkulluk lehendakariak, eta adierazleek okerrera egingo balute, merkataritza eta ostalaritza establezimenduen ordutegiei lotutako neurriak har ditzaketela azaldu du. Gainera, botiloiak eta ez-jaiak debekatuko ditu Jaurlaritzak, dekretu bidez.

Gaur goizean bildu da Labi aholku batzordea lehendakaritzako egoitzan, azken egunetan koronabirusaren hedapenak izandako igoera dela-eta neurri berriak hartu ala ez erabakitzeko. Bizi Berri IV plana izan dute oinarri batzordean, Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela. Lehendakariak azaldu duenaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako intzidentzia tasa planean jasotzen diren hiru agertokietatik okerrenean dago gaur-gaurkoz, baina jakinarazi du hori ez dela kontuan hartu beharreko adierazle bakarra. Izan ere, ZIUen egoera lehen eszenatokian dago, beraz, erabaki dute ez gogortzea egun indarrean dauden segurtasun neurriak.

Hori hala, ostalaritzaren itxierak beranduenez 02:00etan izaten jarraituko du, eta mahai bakoitzeko sei lagun bildu ahalko dira gehienez. Txokoek eta elkarte gastronomikoek irekita jarraituko dute, eta publikoa egon ahalko da kirol ikuskizunetan, baina edukiera mugatuta.

Lehendakariak zehaztu du Bizi Berri IV planaren diagnostikoan ez direla baztertzen agerraldiak uztaila eta urria bitartean, baina adierazi du planaren hipotesia dela lau hilabete horietan, okerrenean ere, intzidentzia tasak ez duela 300eko langa gaindituko. Helburua, hori bai, tasa hori 60tik behera mantentzea dela esan du Urkulluk.

Horrez gain, lehendakariak jakinarazi du hamabost egun barru berriro aztertuko dutela egoera eta, adierazleek okerrera egiten badute, neurri gogorragoak hartuko dituztela merkataritza eta ostalaritza establezimenduen ordutegiei dagokienez.

Maskara gomendagarria

Gaur egun dauden arrisku nagusiak hiru direla adierazi du Urkulluk: birusaren aldaera berriak, gazteen arteko kutsatzeak eta ez-jaiei zein ospakizunei lotutako mugikortasuna. Azaldu du dekretu bidez debekatuko dituztela botiloiak, ez-jaiak edota jende pilaketak ekar ditzaketen bestelako ekitaldiak; dekretu hori bihartik aurrera sartuko da indarrean. Horren harira, oinarrizko segurtasun neurriak betetzeko eskatu die berriro ere herritarrei.

Maskarari dagokionez, azpimarratu du gomendagarria dela “une oro” jantzita izatea, aire librean eta metro eta erdiko distantzia gordetzea posible denean nahiz aire zabalean kirola egiterakoan salbu.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide