Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak argitaratu berri duen txostenaren arabera, atzo egindako PCR eta antigeno probetan hamasei emaitza positibo izan dira Urola Kostan. Ia kasu guztiak Zarautzen zenbatu dituzte, hamahiru. Zumaian bi kasu berri baieztatu dituzte, eta bat Orion.
Zarautzen zazpi kasu positibo baieztatu zituzten ostiraletik igandera bitartean, eta azken orduetako datuekin, 167,05etik 218,44ra igo da kasu metatuen tasa. Orion ere gora egin du intzidentzia tasak, 81,54tik 97,85era, hain zuzen. Zumaian bezperan baino kasu bat gutxiago detektatu zuten atzo, eta gutxi izan bada ere, zertxobait behera egin du intzidentzia tasak: 620,74an zegoen atzo, eta 610,56an dago une honetan. Atzo bezala, eremu gorrian jarraitzen du Zumaiak (eskualdean intzidentzia tasarik altuena duen udalerria da), eta eremu horian Zarautzek eta Oriok. Bestalde, Azpeitiko intzidentzia tasa 262,81etik 249,67ra jaitsi bada ere, eremu horia izaten jarraitzen du herriak.
Eskualdeko gainontzeko herrietan ez dute kasu berririk atzeman azken orduetan, eta atzokoan bezala mantendu da kasu metatuen tasa: 33,38an Azkoitian (eremu berdea da), 128,4an Zestoan eta hutsean Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian.
Hego Euskal Herrian 12.412 test egin zituzten atzo, eta horietatik 911 izan dira emaitza positiboak; 425 Nafarroan, 220 Gipuzkoan, 194 Bizkaian, 57 Araban eta hamabost lau lurralde horietatik kanpo. Positibotasun tasak, hala ere, behera egin du herenegungo ehunekoekin alderatuta: atzo egindako probetan positibotasuna %17,9koa izan da Nafarroan (%27,5ekoa izan zen igandeko testetan), eta %4,8koa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (%6,9koa izan zen igandeko probetan).
Osakidetzaren ardurapean dauden erietxeetan gora egin du, bestalde, koronabirusak jota ospitaleratuta dauden pertsonen kopuruak: 50 ziren atzo, eta 58 dira gaur egun. 22 ospitaleratze izan ziren atzokoan, bezperan baino gehiago (bederatzi izan ziren igandean). ZIUetan, dena den, igandean baino pertsona gutxiago zeuden atzo: 30 (36 ziren igandean).