248 positibo berri zenbatu dituzte Gipuzkoan azken orduetan

Onintza Lete Arrieta 2021ko uzt. 3a, 13:10

Astebetean ia hirukoiztu egin da positibo kopurua Hego Euskal Herrian. Izan ere, aurreko larunbatean 243 positibo berri atzeman bazituzten lau lurraldeetan egindako PCR eta antigeno probetan, atzo 650 positibo zenbatu zituzten. Positibotasun tasa %10,5era igo da Nafarroan.

Gora egiten jarraitzen du COVID-19a atzemateko egiten diren probetan positibo eman duten herritarren kopuruak. Azken orduetan 650 positibo berri zenbatu dituzte, izan ere, Hego Euskal Herrian. Aste osoko datuak kontuan hartuta, erraz ikusten da goranzko joera hori: asteartean 366 positibo atzeman ziren, asteazkenean 458 eta ostegunean 519 positibo. Orain astebeteko datuekin alderatuta, are nabarmenagoa da joera, orduan 243 positibo berri zenbatu zituztelako.

Datuak lurraldeka ikusita, Eusko Jaurlaritzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, positiboetako 51 Araban atzeman zituzten atzo, Bizkaian 193, Gipuzkoan 248 (bezperan 170), Nafarroan 152, eta sei positibo, Hego Euskal Herritik kanpo bizi diren pertsonetan.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 8.417 test diagnostiko egin zituzten atzo, eta horietatik 498 izan ziren positibo; hau da, proba egin zutenen artean %5,9k eman zuten positibo. Dena den, positibotasun tasa jaitsi egin da zertxobait, bezperan %6,1ekoa zelako hiru lurralde horietan. Nafarroan, berriz, 1.444 test egin ziren, eta positibotasunak asko egin du gora, %7,3tik %10,5era arte egun bakarrean.

Ospitaleen egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz zazpi pertsona ospitaleratu ziren atzo Osakidetzaren zentroetan, bezperan baino askoz gutxiago, orduan 26 ospitaleratu berri egon baitziren, eta ZIUn COVID-19a duten 33 pertsona daude gaur-gaurkoz. Bezperako kopuru bera da hori.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide