Antzerkia eta dantza, Kalerkiren gaur gaueko ikuskizunean

Onintza Lete Arrieta 2021eko uztailaren 3a

Argazkia: Hika Teatroa

Gazte izena duen lana eskainiko du Hika Teatroak, Oinkari dantza taldearen parte hartzearekin. Antolatzaileen esanetan, "gazteek egina" da, eta "gazteak mintzo dira eta dira mintzagai". Gonbidapenak gaur arratsaldean eskuratu ahalko dira.

Beste urte batez, bere bidea egiten ari da Kalerki kaleko antzerki jaialdia. Asteartean, ekainak 29, eskaini zuten aurreneko emanaldia, eta gaur gauean ere izango da antzerkiaz gozatzeko aukera Munoan, 22:00etatik aurrera. Gazte izeneko lana aurkeztuko du bertan Hika Teatroak, Oinkari dantza taldearen parte hartzearekin.

Antolatzaileen arabera, ikuskizunak "euskal dantza du abiapuntu, eta dantza garaikidea eta garaiko dantza modernoak eta gorputz mugimendua uztartuko ditu, ahotsari eta testuari ere tokia utzita".

Musika aldetik ere "berrikuntzari ateak irekiko dizkio, euskal folkloreko doinuei muzinik egin gabe, zuzenean entzungo diren erritmoek oinarri elektronikoa izango baitute, hip-hop kulturaren kutsu handiarekin eta elektronikak sortzen dituen giroekin lagunduta".

Horrez gain, azpimarratu dute ikuskizuna gazteek egina dela, eta gazteak direla mintzo direnak eta mintzagai direnak saioan. Adin guztietako herritarrek ikusteko moduko saioa dela ere jakinarazi dute.

Gonbidapenak gaur arratsaldean

Kalerkiren gaurko emanaldia ere doakoa da, baina osasun egoera dela eta, edukiera mugatua izango du, eta horregatik, derrigorrezkoa izango da gonbidapenak eskuratzea Munoara bertaratu aurretik. Eguraldi txarra egingo balu, emanaldia Lizardiko pabiloian eskainiko lukete.

Gonbidapenak Modeloko leihatilan jaso beharko dira, 18:00etatik aurrera.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide