Baratze bat utzi dio Goyeneche Fundazioari udalak

Amaia Urbieta Arruti 2021eko uztailaren 4a

Garaguneko kideek lantzen dute baratzea astean bizpahiru aldiz, eta udal baratzeen erabiltzaile den Antonio Morenok laguntzen die bertako lanekin. 

Duela hilabete batzuetatik, elkarlanean dihardu udalak Goyeneche Fundazioak Zarautzen daukan Garagune egoitzarekin. Elkarlan horretatik sortu da Garaguneren erabiltzaileek udal baratze bat lantzeko aukera eta, hala, astean hiruzpalau aldiz adimen desgaitasuna duten hainbat lagunek lantzen dute baratze hori. 

Antonio Moreno baratzeen erabiltzaileak laguntzen die lan askotan, eta udalak behar dituzten hainbat tresna utzi dizkie. Morenok adierazi du "gustura" egiten duela lan hori, eta "poza" ematen diola Garaguneko kideak bertan lanean ikusteak. "Etortzen direnean, begiraleak hainbat lan egiten jartzen ditu, eta beraiek aktibo egoteko modu bat da", jakitera eman du Patxi Elola Lorazaintzako zinegotzi arduradunak. Amaitzeko, Elolak eskerrak eman nahi izan dizkio Carla Santiagori, Goyeneche Fundazioko Zarauzko Garaguneko arduradunari, proiektu hau bultzatzeagatik eta baratze komunitateko kide izan nahi izateagatik. Morenorentzat ere esker oneko hitzak izan ditu, bere laguntzarik gabe "ezinezkoa" izango litzateke-eta proiektua.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide