Uztailaren 9an eta 10ean izango da Bertso Astea

Amaia Urbieta Arruti 2021eko uztailaren 2a

Iaz Bertso-Astearen faltan, bertso-saio alternatiboa izan zen Lege Zaharren Enparantzan. (Hitza)

Osasun egoerak baldintzatuta bada ere, Motxian-Etxebeltz Bertsoguneak bertso musikatuak eta bertso saioa antolatu ditu hurrengo astebururako. 

Aurten ere ezohikoa izango da bertso astea, izan ere, osasun egoera tarteko, ezin izan dute erabateko normaltasunez antolatu urteroko hitzordua Motxian-Etxebeltz Bertsoguneko kideek. Oztopoak oztopo, datorren asteko ostiral eta larunbatean, uztailaren 9 eta 10ean, bertsolaritzaz gozatzeko parada izango da Villa Manuelako frontoian.

Ostiralean, dagoeneko tradizio den bertso musikatuen saioa egingo dute, 22:00etatik aurrera. Euria egingo balu, Modelo Aretoan izango litzateke hitzordua. Larunbatean, berriz, bertso saioa izango da leku berean, eta ondorengo bertsolariak ariko dira kantuan: Oier Aizpurua, Uxue Alkorta, Aner Euzkitze, Libe Goenaga, Uxue Ostolaza eta Julen Zulaika. Gai-jartzaile lanak, berriz, Jone Lizarraldek eta Garazi Peritzek egingo dituzte.

Bi emanaldietarako edukiera mugatua izango denez, emanaldi bakoitzerako gonbidapenak Modelo aretoko leihatilan jaso ahal izango dira egunean bertan, 18:00etatik aurrera.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide