Bihar jokatuko dira gizonezkoen Eusko Label eta emakumezkoen Euskotren ligetako denboraldiko lehen estropadak, A Coruñan (Galizia). Uretan izango da Zarautz-Gesalaga-Okelanen gizonezkoen traineru nagusia. Hilabete luzez prestaketa lanetan jardun ostean, heldu zaio lehiarako garaia Enbatari, eta arraunlari zein prestatzaileek kirioak dantzan badituzte ere, txapelketa gosez daude.
Asier Puertas da traineruaren entrenatzaile berria. Negua beraientzat "gogorra" izan dela adierazi du, pandemiak eragindako trabez gain, taldekide batek istripu larria izan baitzuen duela hilabete batzuk. Jakinarazi du pixkanaka hobetzen doala bere egoera, eta horrek motibazio gehigarria ematen diela gainontezko arraunlariei. Mutilak "langileak" direla azaldu du entrenatzaileak, eta "arraunean gauzak ongi egiteko gogoa" dutela. Gustura dago oriotarra, beraz, egokitu zaion taldearekin.
Intentzioak intentzio, liga "gogorra" izango dela uste du Puertasek. "Badakigu zeinen aurka egin beharko dugun, oilar artean ibiliko gara", dio. Iaz mailaz ez jaistea lortu zuten, eta aurten ere hori izango dute xede, ahal bada, play off-ak jokatu beharrik gabe. "Lehiak jarriko gaitu gure lekuan, baina azken txandatik baino gertuago egon nahiko genuke bigarrenetik", esan du entrenatzaileak.
Hemen daude ikusgai TKEko arraunlariek aurten izango dituzten estropadak.
Ikusi hemen Enbata trainerua osatuko duten arraunlariak.
Donibane Lohizune eta KAE 2
Zarautz-Gesalaga-Okelanen beste bi traineruek ere jokatuko dituzte estropadak asteburuan. Hain justu, Donibane Lohizuneko 4. Estropadan (Lapurdi) lehiatuko dira bihar ETE ligako arraunlariak, eta asteburuko bigarren hitzordua Portugaleten (Bizkaia) izango dute igandean; Sestaoko 3. bandera iango dute jokoan bertan. KAE 2 ligako traineruak, berriz, Mutrikun izango du hitzordua bihar; Yurrita Group bandera izango dute jokoan mutilek.
Gogoratu Zarauzkohitza.eus-ek arraun denboraldiaren jarraipen zabala egingo duela, eta Zarautz Arraun Elkartearen inguruko berri guztiak bilduko dituela horretarako propio prestatutako atal berezian.