Gaur, egunean zehar, Etorkizuna Eraikiz kapsula Lege Zaharren Enparantzan egongo da, eskualdeko herritarren ekarpenak jasotzeko. Etorkizuna Eraikiz programak herritarrek lurraldearen etorkizunaz hausnartzea du helburu, eta horretarako kanpaina ibiltaria jarri du martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak. Gaur Zarautzen jarri dute kapsula eta Eider Mendoza Gobernantzako foru diputatua bertan izan da, Xabier Txurruka alkatearekin batera. Aurkezpenean azaldu dutenez, parte-hartzea "ezinbestekoa" da herritarrek politikarekiko eta erakundeekiko konfiantza berreskuratzeko. "Partaidetzari esker gobernuak indartu egiten dira; politika publikoak legitimatu; interes sozialak agendan sartzen dira; herritarrek bizitza publikoaren antolaketan prozesuan parte hartzen dute, eta gizarte zibilaren funtzioa sendotu egite da", azaldu du du Mendozak.
Txurrukak ere azpimarratu du herritarren parte-hartzea funtsezkoa dela. "Herritarrak gonbidatu nahi ditugu Lege Zaharren plazara hurbildu eta beren ekarpena egitera, 2040an Zarautz eta Gipuzkoa nolakoak izatea gustatu litzaiguke hausnartzera eta komunitate gisa ditugun erronkei buruzko ideiak adieraztera. Ekarpen guztiak irakurtzen eta aztertzen dira, etorkizuna denon artean eraiki ahal izateko", adierazi du Txurrukak.
Kapsula
Kapsulan zehar ibilbidea egin dezakete herritarrek. Alde batetik, lurraldearen testuingurua ezagutu daiteke gunean. "Gaur egungo errealitatea eta etorkizuna islatu nahi izan ditugu bertan. Izan ere, Gipuzkoak baditu hainbat ezaugarri beste lurraldeek ez dituztenak, eta horiek oso garrantzitsuak dira gizarte orekatu bat lortzeko", azaldu du Mendozak. Bestetik, kapsulan kokatuta dagoen buzoian ekarpenak egiteko aukera ere badute herritarrek. "Nahi dugu Urola Kostako herritarrek esatea hemendik 20 urtera nolako lurraldea nahi duten, uste dugulako denon ekarpenekin hobeto eraikiko dugula etorkizuna".
Bukatzeko, herritarren ekarpenak fruitua ematen duela irudikatzeko, bisitariak idatzi dezake etorkizuna eraikitzeko hartu duen konpromisoa, kapsula txiki batean sartu eta etxera eraman dezake. Kapsula busti eta lurrean sartuz gero, landare bat haziko da bertatik. "Gure ekarpena etorkizunean loratuko den hazia dela adierazi nahi dugu", agertu du Gobernantzako foru diputatuak.