San Pelaio egunaren atarian, ekainaren 26a gertu zela, Zarauzko Udalak San Pelaio. Zarauztarron zaindari liburuxka argitara eman zuen, «zarauztarron patroiari omenaldia» egite aldera. Baina, funtsean, argitalpenaren helburu nagusia izan da herritarrei argitzea zergatik den San Pelaio zarauztarren zaindari, eta zer gertakarik ahalbidetu zuen hori guztia.
Horretarako, bi testu jaso dituzte liburuxkan. Lehena, Anjel Lertxundik 1993an kaleratutako Tresak eta kordelak bildumako ipuinetako bat da, egileak berak aurten berrikusia; eta bigarrena, berriz, Felix Ortiz San Pelayo azpeitiarrak 1884an Euskal-Erria aldizkarian idatzitako artikulua. Liburuxka doan eskuratu daiteke Sanz Enea kultur etxean.
Zarauztar petoak
Zarauzko istorioen eta kondairen inguruan idatzi zuen Lertxundik Tresak eta kordelak. Bertan ageri dira Galtxagorriak, Narrosko Gela Urdina, Gustav eta liburua bera ixten duen Zarauztarrok hartu zaitugu ipuina, udalak bere liburuxkan txertatu duena. «Zarauztar petoak eztarria urratu beharrean eta lepa zainak lehertzeko zorian kantatu ohi du San Pelaio bezperan Zarauzko ereserkia. Letra osoa dakitenen eta ez dakitenen artean banatzen omen dira zarauztar pedrigee gabeak (...)», idatzi zuen Lertxundik. Baita bi fraidek sortu zutela ereserkia ere, 1920an: Juan Jose Natibidad Garmendiak eta Jose Maria Azkuek. Nonbait, idazlea Frantziskotarren komentuko liburutegian ibili zen informazioa biltzen, eta han jasotakoak eraman zituen bere istoriora.
Haize-enbata, ekaitza eta itsas hondoratze baten berri ere ematen du, San Pelaio zaindari bihurtzearen jatorriaren kariak aztertuz. Felix Ortiz San Pelayoren idazlana xeheagoa da, zentzu horretan: ahozko testigantzaren bidez, San Pelaioren irudia urertzean aurkitu zutela zabalduta zegoen herrian, eta 76 urteko gizonezko baten eskutik jasotzen du istorioa, zeinean marinel batzuk santuaren irudiari erregu eginez salbatu omen ziren hondamenditik.
Bestalde, jatorrizko ermita Orio eta Zarautz artean dagoen Mendibeltz mendiaren oinetan zegoela zehazten du, baina itsasoak etengabe astintzen zuenez, Iñurritzara lekualdatu zutela. «Ermita hura erortzeko zorian zegoela eta, harpidetza baten bitartez, gaur egungoa eraikitzen saiatu ziren».