Beste zazpi kasu baieztatu dituzte Zarautzen

Dorleta Agiriano Lai 2021ko eka. 29a, 13:16

Beste zazpi kasu atzemanda, eremu berdetik horira igaro da Zarautz. 81,38ra igo da herriko intzidentzia tasa. Ospitaleratzeek gora egin zuten atzo Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eguerdian kaleratutako txostenaren arabera, Urola Kostan hamar kasu positibo zenbatu dituzte atzo, astelehenean, egindako PCR eta antigeno probetan. Zarautzen atzeman dituzte kasu gehien; hain zuzen, zazpi. Bi positibo izan dira Zumaian eta bat Azpeitian.

Zumaia da, alde handiarekin, intzidentzia tasarik altuena duen eskualdeko herria. Eta ez eskualdekoa soilik: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gaur-gaurkoz dagoen tasarik altuena da Zumaiakoa, eta lurralde horietan gorrian dagoen udalerri bakarra da. Mallorcan (Herrialde Katalanak) izandako agerraldi bat dela eta, aurreko ostiralean 21 positibo detektatu zituzten herrian, eta bi egun beranduago, zortzi. Azken orduetan bi kasu baino atzeman ez dituzten arren, atzotik 457,92tik 468,10era igo da kasu metatuen tasa.

Nabarmentzekoa da, bestalde, azken orduetako datuekin eremu berdetik horira igaro dela Zarautz. Sei kasu berri atzeman dituzte han asteburuan, eta atzoko probetan beste zazpi kasu baieztatu ostean, 51,40tik 81,38ra igo da tasa. Ez da, ordea, eremu horian dagoen eskualdeko herri bakarra: egoera horretan daude Azpeitia (210,25) eta Orio (97,85) ere. Azpeitian intzidentzia tasak behera egin du atzotik (223,39an zegoen atzo), baina Orion, kontrara, gora egin du (51,40an zegoen).

Aian, Aizarnazabalen, Azkoitian, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Zestoan ez da kasu positiborik izan azken orduetan. Azkoitian eta Zestoan atzo bezala mantendu da intzidentzia tasa (41,73an eta 25,68an, hurrenez hurren), eta eskualdeko gainontzeko herrietan hutsean jarraitzen du tasak.

216 kasu Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian 216 lagunek eman dute positibo azken orduetan, bezperan baino gehiagok; 171 kasu izan ziren igandean. Positibotasun tasak, hala ere, behera egin du; %4tik %3,1era Nafarroan eta %2,9tik %2,6ra Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Bestalde, atzo gora egin zuen COVID-19ak jota Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan zeuden pertsonen kopuruak. Izan ere, 48 ziren igandean eta 64 ziren atzo, Osasun Sailaren arabera. Atzo, gainera, 32 lagun zeuden ZIUetan ospitaleratuta.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide