Eusko Jaurlaritzak 2017an jarri zuen martxan Txikitasunetik Handi egitasmoa, eta, horren barruan, baita itsasertzaren garapenerako Itsasgarapen eta Itsaspen programak ere. Programa horien helburua da arrantzarekiko mendekotasun handia duten eremuetako ekonomia garatzea eta dibertsifikatzea, eta dagoeneko 120 proiektu baino gehiago lagundu ditu Gipuzkoako kostaldean. Surfing Zumaia surf eskola (Zumaia), Elkano ihes gela (Getaria), eta Mara Orio arropa denda (Orio) dira horietako hiru.
Olaya Landa zarauztarra Experientziak taldeko kidea da, eta haiena da Getariako Elkano ihes gela. “Haurren aisialdiko jardueren mundutik gentozen hainbat kidek sortu genuen Experientziak taldea, helduentzako aisialdiko jarduerak martxan jartzeko helburuarekin”. Horrela, Zarauzko Gela Urdina ihes gela jarri zuten abian 2018an; eta berehala heldu zioten Getariako Elkano ihes gelaren proiektuari; 2019ko urrian zabaldu zuten hura. “Buruan generabilen Elkanoren inguruan zerbait egitea, eta Urola Kostako Mankomunitatera joan ginen galdezka. Han esan ziguten laguntza batzuk bazeudela, eta haiek baliatzea erabaki genuen”.
Landak eta haren kideek hasieratik nahikoa argi ikusi zuten beren proiektuak aukerak izan zitzakeela Jaurlaritzaren laguntza jasotzeko. “Batetik, proiektu berritzailea delako, eta bestetik, Elkano Elkano delako”. Gogotik egin dute lan, eta emaitzak dira horren erakusgarri. “Atera kontuak: Elkano ihes gela munduko 25 ihes gela onenen zerrendan sartu dute, eta Bartzelonan, esaterako, berrehun baino gehiago daude”. Bada zerbait. “Gure ihes gelatik pasatzen direnek benetako esperientzia bat bizitzen dute: ez dira sartu bezala ateratzen; gure herriaren ondarearen inguruko jakintza bat bereganatzen dute”. Beren proiektua Elkano eta Getaria ezagutarazteko eta munduratzeko bide ere badela uste du Landak: “Munduko 25 onenen artean sartze horrek ikusgaitasuna eman die bai Elkanori, bai Getariari, eskapista asko baitago munduan”.
Emaitzak emaitza, proiektua aurrera ateratzeko jaso duten laguntza publikoa ezinbestekoa izan zaiela baieztatu du Landak: “Laguntzarik jaso izan ez bagenu, ez genukeen abian jarriko Elkano ihes gela; hori zen gure baldintza, ekonomikoki proiektu indartsua delako”.
Erreportajea osorik irakurtzeko: Gipuzkoako Hitza