Ostiral honetan, ekainaren 25ean, udako ordutegia sartuko da indarrean Aritzbatalde udal kiroldegian. Hortaz, irailaren 14ra bitartean, ordutegi berdina mantenduko da astelehenetk ostiralera bitartean (06:30etik 21:00etara), baina aldaketak izango dira asteburuei eta jaiegun zehatzei dagokienez.
Larunbatetan eta igandeetan goizez baino ez dute zabalduko kiroldegia, 08:00etatik 13:00etara, eta salbuespen modura, berdina egingo dute ostiral honetan, San Pelaio Egunaren bezperan. Zenbait jaiegun zehatzetan, ordea, erabat itxita egongo da Aritzbatalde; hain zuzen, ekainaren 26an, ekainaren 27an, uztailaren 25ean, uztailaren 31n, abuztuaren 15ean, abuztuaren 16an eta irailaren 9an. Ikusi hemen udako egutegia, osorik.
Udan, gainera, zenbait ikastaro izango dira kiroldegian, eta izena eman daiteke oraindik. Izan ere, plaza libreak daude oraindik haur igeriketa ikastaroan, gaztefit ikastaroko bigarren txandan (10:00etatik 11:00etara), pilates ikastaroan, total trainning ikastaroetako zenbait saiotan, sponif ikastaroan eta helduentzako igeriketa ikastaroan. Aritzbataldeko harreran egin daitezke izen-emateak, baita lotura honetan ere.
Txanda bidezko sistema, indarrean
Bestalde, udalak gogorarazi du udan ere martxan egongo dela erreserba bidezko sistema. Beraz, kiroldegia erabiltzeko, derrigorrezkoa izango da erreserba egitea; astebete lehenagotik hartu ahal izango da txanda, eta gehienez, txanda hasi baino bi ordu lehenago utzi ahal izango da bertan behera erreserba.
Hala ere, udalaren arabera, txandak irauten duen denbora guztian joan ahal izango da Aritzbataldeko instalazioetara, eta ez soilik txanda hasten den ordu zehatzean. Horretarako, tornu-sistema egongo da erabilgarri datorren astelehenetik, ekainaren 28tik, aurrera. Sarrera nagusitik sartu beharko da kiroldegiko instalazioetara, hortaz.