Zarautzen 25,7an dago intzidentzia tasa

Julene Frantzesena 2021ko eka. 23a, 13:32

Behera egiten jarraitzen du intzidentzia tasak, eta 34,27tik 25,7ra jaitsi da azkeneko datuekin. Nabarmen egin dute apaltzera datuek azken egunetan, baina herenegun baino kasu gehiago detektatu ditu Osakidetzak azken orduetan Gipuzkoan. Ospitaleetako egoera ere hobera egiten ari da.

Atzo ere ez zuten kasu positiborik detektatu Zarautzen, eta jaisten jarraitzen du hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak. Atzo 34,27an zegoen Zarauzko tasa, eta azken orduetako emaitzekin, 25,7ra jaitsi da.

Urola Kostan, dena den, sei positibo atzeman dituzte azken orduetan, hiruna Azpeitian eta Zumaian. Datuek apaltzera egin dute nabarmen azken egunetan; dena den, eskualdeko herri batzuetako hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak altua izaten jarraitzen du, eta semaforo horian dira: Zumaian 223,87 da, Azpeitian 183,97, Azkoitian 125,18, Getarian 106,01 eta Orion 81,54. Gainerakoan, tasak oso baxuak dira: 0 da tasa Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Zestoan.

Herenegungo datuekin alderatuta, gora egin du positiboen kopuruak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: herenegun 146 detektatu zituzten, eta atzo 187: Gipuzkoan 70, Bizkaian 77 eta Araban 36. Osakidetzak atzo 6.716 proga gauzatu zituen, eta beraz, %2,8 da hiru lurralde horietako positibotasun tasa. Gaur-gaurkoz, 108,74 da hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, berriz, 1.646 proba egin eta 59 lagunek eman dute positibo horietan; hau da, proba gauzatutako herritarren %3,6k.

Ospitaleetako egoerak ere hobera egin du; izan ere, 68 lagun daude hiru lurralde horietako erietxeetan koronabirusa tarteko, eta horietatik 40 daude ZIUetan, aurreko egunean baino bost gutxiago. Orotara, atzo, hemezortzi lagun ospitaleratu zituzten.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide