Herritarrei denboraldian lehian izango diren hiru traineruak aurkezteko ekitaldia egin zuen herenegun Zarautz Arraun Elkarteak, Ubegun industrialdean duen egoitza aurrean. Gesalaga-Okelan babesle nagusiari, Zarauzko Udalari eta hainbat laguntzaile txikiri eskerrak emanez ekin zion aurkezpen saioari ZAEko presidente Jon Artolak. «Aurten, aspaldiko partez, hiru talde izango ditugu uretan: bi mutilenak eta bat neskena. Asteburu ona jokatu ondoren, ilusioz eta indarrez beteta».
Gari Urangaren lekukoa hartuta, Asier Puertas da gizonezkoen lehen traineruaren entrenatzailea. Bigarren urtea izango dute jarraian Eusko Label Ligan eta guztia ematen ahaleginduko dira. Bigarren taldea, arraunlari gazteez osatuta, KAE2 mailan lehiatuko da Alexander Orenaren gidaritzapean. Nesken taldea, klubaren aurtengo apustu garrantzitsua, ETE ligan hasi da lehian, Onintza Olaizola entrenatzailearen aginduetara.
Gesala-Okerlan enpresako arduradun Jose Luis Gesalagaren esanetan, «gozada bat da horrelako taldea ikustea, eta ni ere taldekide bat gehiago sentitzen naiz abentura honetan. Niretzako sekulako poza da gure hondar alea jartzea, eta laguntza eman ahal izatea. Gainera, aurten nesken trainerua aurrera atera dela ikusita, are gehiago». Gesalaga-Okelan enpresako arduradunaren iritziz, aurten ere «gozatu ederra» hartuko dute Zarauzko arraunzaleek: «Zuen indarrak guri ere indarra ematen digu».
Fruitua jasotzeko unea
«Zarauzko arrauna eta Zarauzko Arraun Elkartea oso errotuta daude herrian». Horrekin batera, jarduneko alkate Jesus Aranak azpimarra berezia egin zuen arraunlariek neguan egindako lanean: «Hor ibili zarete entrenamenduetan, eta iritsi da horren guztiaren fruitua jasotzeko unea. Zailena egin duzue. Egunerokoan zuen onena ipini duzue, zuen gorputza eta burua. Orain erakusteko garaia da».
Elkarteak berriro ere hiru ontzi izatearen garrantzia nabarmendu zuen, gainera. «Distantziatik begiratzen zaituztegunok, ikusten ditugu beteranoak, harrobia, emakumeak kirolean... Hori guztia oso garrantzitsua da herriarentzat, ez bakarrik elkartearentzat edo irabaziko dituzuen banderentzat. Azkenean, zuek ere zarauztar gazteentzat adibide zarete, eguneroko konpromiso hori eredu baita», nabarmendu zuen Aranak. Herritarren ordezkari bezala, onena opatu zien hiru taldeei: «Zarauzko herriaren babesa duzue, berotasun hori bermatuta izan duzue».
Leire Arana kirol zinegotziarentzat «poza eta harrotasun handia» da herriko hiru traineru telebistan ikusi ahal izatea. «Baina bada telebistan agertzen ez den jendea ere, zuen atzetik datozenak, gaztetxoak, jubenil mailakoak. Aurten sekulakoa egiten ari zarete haiekin klubean, eta eskertzekoa da horretan egiten duzuen lana», azaldu zuen. Horrez gain, nabarmendu nahi izan zituen boluntarioen lana, presidentearen eta zuzendaritza batzordearen lana, babesleen ekarpenak, baita prestatzaileak eta nutrizionistak ere. «Guztiengatik ez balitz, ezingo litzateke kluba sostengatu».