Duela astebete Errefuxiatuak: herrimina, memoria eta erbestea erakusketa zabaldu zuten Photomuseumen, iraganeko eta egungo migrazioak oinarri hartuta. Testuinguru horretan, Hegoaldeko Mugaren analisi feminista egingo du bihar CEAR-Euskadi erakundeko Beatriz de Lucasek, Mugak gurutzatzen dituzten emakumeak izenburua daraman hitzaldian. 18:00etan hasiko da saioa, eta ordu eta erdiko iraupena izango du, sarrera librearekin.
Afrika beltzetik datozen eta Europako hegoaldeko muga zeharkatzen duten emakume errefuxiatuek aurre egin beharreko indarkeriak aztertuko ditu CEAR-Euskadiko kideak. Modu horretan, Hegoaldeko Mugaren militarizazio eta esternalizazio prozesuak hura gurutzatzen saiatzen diren emakumeen bizitzan duen eragina nabarmenduko du.