Herriko ondare historikoaren museoak udako ordutegia izango du

Zarauzko Hitza 2021eko ekainaren 21a

Santa Maria la Real Arkeologia eta Monumentu multzoak udako ordutegia izango du bihartik hasi eta irailaren 15a bitartean. Hori horrela, asteartetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara bisitatu ahal izango da, eta bisita gidatuak, 12:30ean eta 16:30ean; igande eta jai egunetan, berriz, 16:00etatik 18:00etara, eta bisita gidatuak,16:30ean.

2002ko ekainaren 22an ireki zituen ateak museoak eta bihar, 19 urte beteko ditu. Epe honetan 70.000 bisitaritik gora jaso ditu Parrokia eta kanpandorrean kokatutako museoak. Aztarnategi arkeologikoa da bisitaren interesguneetako bat, non Euskal Herriko Erromanizazioa, Erdi Aroa eta Aro Modernoaren aztarna paregabeak jasotzen diren. Aztarnategiak, eta bertan aurkitutako elementuek, Zarauzko herriaren historia duela 2.500 urtetik gaurdainoko historia bizia azaltzen digute.

Aztarnategia ongi ikusi eta ulertzeko, bisita gidatuak antolatzen dira egunero, euskaraz zein gazteleraz. COVID19ak eragindako unean uneko segurtasun neurri guztiak betetzen dira bisita horietan. Aztarnategiko bisita gidatuetan erreserba egiteko, 943 835 281 telefonora dei egin behar da.

Aztarnategiaz gain, Zarauzko ondare historikoa oso aberatsa da, Narros Jauregia edo Torre Luzea dira horren adierazgarri. Herrigune historikoan zehar eskaintzen diren bisita gidatu hauek, modu erosoan eta gidaren laguntzaz, egunero antolatzen dira 11:30etan, astelehenetan eta igandeetan izan ezik.

Herriguneko bisita gidatu hauetan izen emateko, nahikoa da hasiera ordua (11:30) baina lehenago Museoko harrerara gerturatzea.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide