Erabilgarri daude berriro hondartzako komunetako dutxak eta oinak garbitzeko iturriak

Zarauzko Hitza 2021eko ekainaren 21a

Oinak garbitzeko iturriak erabilgarri daude, hondartzako kaseten ondoan. (Zarauzko udala)

Edukiera kontrolatzen dutenen kasetak mugiarazi dituzte, erabiltzaileek iturriak egoki erabili ahal ditzaten.

LABIren Aholku Batzordearen ostiraleko erabakien ondoren, Zarauzko Krisi Gabinetea gaur goizean bildu da eta ikusirik Zarautzen eta Euskal Herrian kutsatze tasek nabarmen egin dutela behera, indarrean zeuden neurri murriztaile batzuk arintzeko hainbat erabaki hartu dituzte. Hala, gaurtik aurrera, hondartzako komunetako dutxak eta oinak garbitzeko iturriak martxan izango dira berriro ere.

Bi zerbitzu horiek orain arte ez zeuden erabilgarri COVID-19aren kutsatzeak ekiditeko. Oinak garbitzeko iturrien funtzionamendu egokia ahalbidetzeko, hondartzako edukieraz arduratzen diren kasetak tokiz mugitu behar izan dituzte eta irteeretan bi bide desberdindu soka bidez, jende pilaketak saihesteko; bata, zuzenean irteteko eta bestea, oinak garbitzeko iturrietatik pasa ondoren.

“Egoeraren hobekuntzarekin komenigarria ikusi dugu aurrez harturiko neurri murriztaile batzuk arintzea, hondartzako dutxa eta oinak garbitzeko iturrien kasuan bezala” adierazi du Iban San Martin Herri Segurtasuneko zinegotziak. "Aurrerantzean ere, udaldian zehar egoerak hobera egin eta neurriak arintzen diren heinean, Zarautzen ere neurriak arintzeko erabakiak hartzen jarraituko dugu”.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide