Getarian jokatu dute gaur ETE eta KAE ligetako bigarren jardunaldia. Oso berezia izan da gaurkoa herriko arraunlarientzat, izan ere, duela gutxi istripuz zendutako Andoni Galarraga arraunlari ohi getariarraren omenezko bandera etxean geratu da, eta hari eta haren familiari eskaini diote garaipena getariarrek. Zeharo hunkituta agertu dira etxeko arraunlariak estropadaren amaieran. Minutu bateko isilunea ere egin dute traineru guztiek, arraunak altxatuta.
ETE ligan Deustok egin du denborarik onena gaurkoan (10:38.63), eta sailkapen orokorrean berdinduta geratu da Tolosaldearekin, bigarren geratu baitira gipuzkoarrak gaur. Zarautz atzo baino apalago aritu da gaur; bederatzigarren geratu da Zarautz-Gesalaga-Okelanen trainerua (zortzigarren izan zen atzo) 11:26.02 denbora eginda. Zortzigarren izan den Lutxana baino segundo bat beranduago gurutzatu dute helmuga zarauztarrek. Hemen ikusgai gaurko denborak:
1. Deusto Bilbao 10:38.63
2. Tolosaldea 10:43.96
3. Hibaika 10:50.43
4. Ondarroa 10:57.43
5. Zumaia 10:58.47
6. San Juan 11:02.11
7. Isuntza 11:13.52
8. Lutxana 11:25.67
9. Zarautz 11:26.02
10. Lapurdi 12:02.25
11. Castro 12:06.83
KAE 1 ligan, berriz, erakustaldi bikaina eman du etxeko taldeak, 20:02.29 denboran helmuga zeharkatuta. Hemen ikusgai denbora guztiak:
1. Getaria 20:02.29
2. Kaiku Berez Galanta 20:04.69
3. San Pedro 20:10.65
4. Sdr Pedreña 20:13.93
5. Deusto Bilbao 20:15.11
6. San Juan-Orereta berrikuntzak 20:23.48
7. Delteco-Zumaia 20:39.40
8. Arkote Uribe Kosta 20:43.40
9. Orio-Orialki 20:53.37
10. Camargo cueva el Pendo 20:54.77
11. Castro Producha 21:00.53
12. Astillero 21:04.91
13. Lapurdi-Antton Bilbao 21:33.50