Tolosako (Gipuzkoa) zezen plazan hitzordu garrantzitsua eduki dute gaur herri kirol zaleek. Binakako II. Euskal Pentatloiko finala jokatu da bertan, eta Izeta III.a eta Izeta VI.a aiarrak izan dira arratsaldeko protagonista nagusiak. Nagusitasunez irabazi dute lehia, 40:24ko denborarekin.
Izetatarrak ez dira izan lehian aritu diren eskualdeko bakarrak, izan ere, Urola Kostako beste lau kirolari ere lanean aritu dira gaur zezen plazan: Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarrak Mikel Larrañaga azpeitiarrarekin osatu du bikotea, eta oso lan txukuna egin badute ere, ez dute lortu aiarren denbora hobetzea. Kepa Peñagarikano azpeitiarrak Gorka Etxeberria oriotarrarekin batera hartu du parte proban, eta gozakaitz aritu dira biak ala biak gaurkoan.
Izatez, Jagoba Otaegi eta Luis Txapartegi aizarnarrak ere proban parte hartzekoak baziren ere, Irazabal-Amade bikoteak ordezkatu behar izan ditu, Txapartegi min hartuta zegoelako.