Tirolina eta aisialdirako beste zenbait elementu jarri dituzte Vista Alegreko parkean

Amaia Urbieta Arruti 2021eko ekainaren 20a

Gloria Vazquez zinegotzia Vista Alegreko tirolinarekin. (Zarauzko Udala)

Aisialdi gune berria amaituta, burututzat eman ditu Agenda 21 Departamentuak Vista Alegre parkerako asmoak.

Aisialdi gune berria erabilgarri dago Vista Alegreko parkean. Tirolina, txirrista eta bi sare gune jarri ditu udalak bertan, eta 14 urte bitarteko haurrek erabil dezaten dago prestatuta gunea. Udalak prentsaohar bidez jakitera eman duenez, Vista Alegreko parkerako udaleko Agenda 21 departamentuak zituen asmoak burututzat eman ditu behin aisialdi gunea amaituta. Azken urteetan, besteak beste, berreskuratze lanak egin dituzte parkean, baita kirol gune bat jarri ere. Gloria Vazquez Ingurumen eta Agenda 21 zinegotziaren aburuz "Zarautzen dagoen espazio politenetako eta berezienetakoa da parke hau". 

EBUren mantenua

Oharrean zehaztuaren arabera, Txukun Lorazaintza SL enpresa arduratuko da aurrerantzean Eraztun Berde Urdina ibilbidearen guneak zaintzeaz. Orain arte udal langileak arduratu dira horretaz.  

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide