Aste osoan kasu positibo bakarra egon da Zarautzen

IƱigo Gaiton - Aritz Mutiozabal 2021ko eka. 18a, 13:30

Azken bi asteetan nabarmen egin du behera Zarautzen atzemandako kasuen kopuruak: duela astebete bederatzi kutsatuetara jaitsi zen, eta aste honetan kasu bakarra baieztatu du Osasun Sailak. Intzidentzia tasari dagokionez, eremu berdean kokatu da herria; 149,91an zegoen aurreko astean, eta gaur-gaurkoz 42,83an dago.

Eusko Jaurlaritzak plazaratu du egoera epidemiologikoaren gaineko txosten eguneratua, eta horren arabera, zazpi positibo izan dira Urola Kostan azken orduetan. Zumaian hiru detektatu dituzte, eta herriko intzidentzia tasa zertxobait igo da. Zifra 244,23an dute gaur gaurkoz, eta eremu horian dago herria.

Azpeitian bi positibo izan dira, baina tasa jaitsi egin da 229,96 izateraino, eta eremu horian jarraitzen dute. Beste bi positiboak Orion —130,46 tasarekin eremu horian— eta Azkoitian izan dira. Azken horren kasuan, eremu laranjatik horira pasatu da herria, eta 250,35eko tasa du momentu honetan.

Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen, Getarian, Zarautzen —42,83 tasarekin eremu berdean— eta Zestoan ez dute kasu positiborik atzeman.

207 positibo Hegoaldean

Hego Euskal Herrian 7.668 froga egin zituzten atzo, eta horietatik 207 positiboak izan dira. Araban 20 atzeman dituzte, Bizkaian 107 eta Gipuzkoan 35. Beste lurraldeetan bizi diren hiru pertsonak ere positibo eman dute. Osakidetzaren mendeko erietxeen egoerari dagokionez, atzo 19 pertsona ospitaleratu zituzten koronabirusak jota. Gaur gaurkoz 71 lagun daude erietxeetan COVID-19aren ondorioz, horietatik 51 Zaintza Intentsiboetako Unitateetan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide