848 zarauztarrek eman dute izena Salberdingo R3 partzelako etxebizitza tasatuen zozketan

Amaia Urbieta Arruti 2021eko ekainaren 18a

Argitaratu ditu udalak dagoeneko zozketarako onartuen zein baztertuen zerrendak. Hemen daude ikusgai.

Hilabetez zabalik egon ondoren, aste honetan itxi da Salberdingo R3 partzelan eraikiko diren 52 etxebizitza tasatuen zozketan izena emateko epea. Denera, 848 zarauztarrek eman dute izena zozketan. Eskaera guztiak aztertu ondoren, onartutako eta baztertutako eskatzaileen behin-behineko zerrendak argitaratu ditu Zarauzko Udalak. Hemen daude ikusgai zerrendak.

Datorren astelehenean, hilaren 21ean, hamar laneguneko epea irekiko da (uztailaren 2ra arte) baztertuek erreklamazioak aurkeztu ahal ditzaten edota bestelako akatsak zuzentzeko eskaerak aurkezteko. Erreklamazio eta akats zuzenketak Zarautz Lurren bulegoan (Salegi kalea 14) egin beharko dira.

Udalak aurreikusten du datorren hilean egingo dela zozketa, eta hitzorduren inguruko xehetasunak garaiz jakinaraziko dituztela adierazi dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide