100dik jaitsi da Zarauzko intzidentzia tasa

Anartz Izagirre 2021ko eka. 16a, 13:06

Atzo positibo bat atzeman zuten Zarautzen, eta gaur-gaurkoz, 77,10eko intzidentzia tasa du herriak. Ospitaleetako presioak ere behera egiten jarraitzen du.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu berri ditu atzo, asteartea, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta herenegun baino sei positibo gehiago hauteman zituzten atzo Urola Kostan; hamar, hain zuzen ere. Kasurik gehien Azpeitian atzeman dituzte, lau hain justu; halere, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa 243,10era jaitsi da.

Eskualdeko gainontzeko positiboak Orion, Zumaian eta Zarautzen hauteman dituzte; hiru, bi eta bat, hurrenez hurren. Hiru herri horietako intzidentzia tasek behera egin dute; Orion 212ra jaitsi da, Zumaian 223,87ra eta Zarautzen 77,10era. Hala eta guztiz, eguneko azpimarra nagusia Azkoitian izan da, hainbat aste eremu gorrian egon ostean laranjara igaro baita. Atzo ez zuten positiborik zenbatu han, eta intzidentzia tasa 342,15era jaitsi da. Halere, Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorako herrietatik intzidentzia tasarik altuena duen herria da oraindik, baita eremu laranjan dagoen bakarra ere.

Urola Kostako beste herrietan ez da positibotik izan, eta honakoak dira herri horietako intzidentzia tasak: Aian 50,38koa, Aizarnazabalen 260,08koa, Beizaman hutsa, Errezilen 161,03koa, Getarian 141,34koa eta Zestoan 25,68koa.

Ospitaleetako presioa, behera

Hego Euskal Herrian, guztira, 9.133 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta horietatik 210 izan ziren positiboak. Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman zituzten kasurik gehien (89), eta ondoren, Nafarroan (64), Gipuzkoan (35) eta Araban (20). Horrez gain, Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpo beste bi pertsonak ere positibo eman zuten proban. Positibotasun tasa, berriz, %3,4koa da Nafarroan, eta %2koa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Ospitaleetako egoerak ere hobera egiten jarraitzen du. Gaur-gaurkoz, 138 gaixo daude COVID-19agatik ospitaleratuta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan, eta horietatik 54 dira ZIUetan daudenak. Nafarroan, berriz, 35 pertsona daude erietxeetan, eta horietatik bederatzi daude ZIUetan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide