Jon Benitoren poemak 'Bidea eta zauria' antologian jaso dituzte

Aritz Mutiozabal 2021eko ekainaren 16a

80ko hamarkadan jaiotako sei poetaren hainbat lan bildu ditu Balea Zuria argitaletxeak, 2000 eta 2019 urteen artean argitaratutakoak.

Balea Zuria argitaletxeak Bidea eta zauria. Sei poeta (2000-2019) antologia kaleratu berri du, 1980tik aurrera jaiotako sei poetaren lanekin. Seiko multzoa osatzen duten horietako bat Jon Benito zarauztarra da, eta gainerakoak Peru Magdalena, Hasier Larretxea, Ione Gorostarzu, Iñigo Astiz eta Beatriz Chivite. Aukeraketaz eta edizioaz EHUko irakasle Jon Kortazar eta Paloma Rodriguez-Miñambres arduratu dira.

Bi bertute nabarmen ditu antologia honek: alde batetik, poeta gazteak eta gutxi aztertuak hautatu dituztelako; eta bestetik, 2001etik aurrera euskal sistema literarioan poesiak egin duen ibilbidea aztertzeko balio duelako. Guztira, 57 poema bildu dituzte liburuan, 2000 eta 2019 urteen artean argitaratutakoak, eta Benitorenak zazpi dira. Zarauztarrak aldi horretan bi poema bilduma argitaratu ditu Susa argitaletxearekin: Aingurak erreketan (2001) eta Bulkada (2010).

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide