Kasu positiborik gabe jarraitzen du Zarautzek

Dorleta Agiriano Lai 2021ko eka. 15a, 13:15

Hiru kasu positibo izan dira Azpeitian, eta bat Zumaian. Azpeitian intzidentzia tasak gora egin badu ere, gainerako herrietan berdin mantendu edo jaitsi egin da tasa. Atzo, gainera, behera egin zuen positibotasun tasak Hego Euskal Herrian.

Atzoko egoerarekin alderatuta, Urola Kostan ez da gorabehera handirik izan COVID-19ari dagokionez. Ohi bezala, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eguerdian argitaratu ditu atzo egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta horien arabera, lau kasu positibo baino ez dituzte zenbatu azken orduetan; hiru Azpeitian eta bat Zumaian. Bezperan, igandean, proba egin zuten hiru lagunek eman zuten positibo Urola Kostan.

Azpeitian atzeman dituzte, beraz, atzo detektatutako kasu positibo gehienak. Kasu metatuen tasa 256,24an zegoen atzo, baina azkeneko datuak kontuan hartuta, 262,81era igo da. Hala, intzidentzia tasak gora egin duen eskualdeko udalerri bakarra da Azpeitia, eta eremu horian jarraitzen du.

Urola Kostako gainerako herrietan, ordea, berdin mantendu da edo zertxobait behera egin du intzidentzia tasak. Azkoitian 484,02tik 425,60ra jaitsi da, baina eremu horia da oraindik; Zumaian eta Zarautzen, hurrenez hurren, 274,75etik 244,23ra eta 132,78tik 98,51ra jaitsi da tasa, baina bi herriek jarraitzen dute eremu horian. Aian (50,38), Aizarnazabalen (260,08), Beizaman (0), Errezilen (161,03), Getarian (141,34), Orion (244,62, eremu horia da oraindik) eta Zestoan (25,68) atzokoan bezala mantendu da kasu metatuen tasa.

Hego Euskal Herrian, 200 azpitik

Atzo egindako proben bidez, 178 kasu positibo baieztatu dituzte Hego Euskal Herri osoan; hain zuzen, 83 Bizkaian, 35 Gipuzkoan, 36 Nafarroan, hogei Araban eta lau beste lurralde batzuetan. Bezperan baino kasu gehiago baldin badira ere (148 izan ziren igandean), positibotasun tasak behera egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, nahiz Nafarroan: %3tik %2,2ra jaitsi da Nafarroan, eta %2,6tik %1,8ra Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Dena den, Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan ospitaleratze gehiago izan ziren atzo; COVID-19ak jota, hamasei pertsona ospitaleratu zituzten igandean, eta 30 atzo. Koronabirusa dela eta, guztira 96 pertsona daude Osakidetzan ospitaleratuta, eta 59 dira ZIUn daudenak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide