Osasun-egoera zela eta, aurreko urtean ez zuen San Pelaio jaietarako egitaraurik antolatzerik izan Danda Gazte Asanbladak. Urte honetan, ordea, eta "modu desberdinean" izango bada ere, data horietan "zer egin eta zer gozatu" egongo dela jakinarazi dute. Putzuzulo gaztetxean izango dira sanpelaioetako ospakizunak, bi egunez jarraian; hain zuzen, ekainaren 25ean eta 26an.
Hilaren 25ean, ostiralean, herri bazkaria egingo dute gaztetxean, 14:00etan. Horren ostean, 17:00etan hasita, Bermuda Kolektiboko DJ zarauztar gazteek girotuko dute Putzuzulo. Hurrengo egunean, larunbatean, beste bi kontzertu izango dira gaztetxean. Lehenengo, 18:00etan, Putzuzulo doinu dantzagarriz beteko du Txiltxoko bikote oiartzuarrak. 19:00etan, aldiz, Lukiek taldeak astinduko ditu hormak; rock alternatiboa lantzen dute mungiarrek.
Tiketak, ekainaren 24an
Osasun-neurriak beteko direla eta, horrekin lotuta, sanpelaioetako ekimenetako edukiera mugatuta egongo dela azaldu dute Dandako kideek. Hilaren 24an, ostegunean, jarriko dituzte salgai sarrera guztiak. Putzuzulon erosi beharko dira tiketak, 16:00etatik aurrera.
