Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu ditu ostiraletik igandera bitartean Urola Kostan izandako positiboen emaitzak, eta joan zen asteburuarekin alderatuta, nabarmen egin dute behera kasuek. Izan ere, 40 positibo hauteman zituzten joan zen astean, eta oraingoan, hamalau soilik zenbatu dituzte. Kasurik gehien Azkoitian atzeman dituzte: sei —ostiralean hiru, larunbatean bi eta atzo bat—. Une honetan eremu gorrian dagoen eskualdeko eta Gipuzkoako herri bakarra da Azkoitia, eta gaur-gaurkoz 484,02koa da 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa.
Zumaian, berriz, lau kasu zenbatu dituzte azken hiru egunetan —ostiralean hiru eta atzo bat—, eta ostiraletik hona zertxobait igo da intzidentzia tasa, 244,23tik 274,75era; halere, eremu horian jarraitzen du. Bestalde, Azpeitian hiru kasu hauteman dituzte, positibo bana egun bakoitzean, eta hainbat asteren ostean eremu laranjatik horira igaro da Azpeitia; gaur-gaurkoz, 256,24koa da tasa. Horrez gain, Orion kasu bat atzeman zuten larunbatean, eta intzidentzia tasa 244,62ra jaitsi da ostiraletik —260,93koa zen ostiralean—.
Gainontzeko eskualdeko herrietan ez dute kasu bat bera ere hauteman, eta behera egin dute edo mantendu egin dira herri horietako intzidentzia tasak. Zarautzen, esaterako, 132,78koa da intzidentzia tasa, eta ostiralean 145,91koa zen. Honakoak dira beste herrietako intzidentzia tasak: Aian 50,38 —ostiraleko bera—, Aizarnazabalen 260,08 —ostiraleko bera—, Beizaman hutsa, Errezilen 161,03 —ostiraleko bera—, Getarian 141,34 —176,68 zen ostiralean— eta Zestoan 25,68 —54,36 zen ostiralean—.
Ospitaleetan presio gutxiago
Hego Euskal Herrian ere norabide egokia hartu du positiboen bilakaerak. Atzo, igandea, 5.582 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurraldeetan, eta horietatik 148 kasu izan ziren positiboak. Positibo gehien Bizkaian atzeman zituzten (54), eta ondoren, Gipuzkoan (47), Nafarroan (23) eta Araban (22). Positibotasun tasa, berriz, %2,6 da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %3 Nafarroan.
Ospitaleratzeen presioa ere nabarmen ari da arintzen Hego Euskal Herri osoan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 157 pertsona daude ospitaleratuta eta horietatik 60 dira ZIUetan daudenak. Nafarroan, berriz, 32 dira ospitaleetan dauden eriak, eta horietatik 11 dira ZIUetan daudenak.