Apirilaren amaieraz geroztik nabarmen hobetu da Zarauzko egoera koronabirus kasuei dagokienean, baina azken aste honetan badirudi joera hori amaitu egin dela. Azken egunetan kasu gehiago atzeman dituzte herrian, eta horrek intzidentzia tasan gorakada eragin du. Igoera ez da oso handia, eta oraindik goiz da gorakada puntuala den ala joera erabat aldatu den esateko. Datuek kezka berpiztu dezaketen arren, kontuan hartu behar da ospitaleetako egoerak, momentuz, hobetzen jarraitzen duela.
Urola Kostan aste gorabeheratsua izan da COVID-19ari dagokionez, baina joera ez da gehiegi aldatu azken bi egunetan: Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak argitaratutako datuen arabera, herenegun egindako probetan hamazazpi emaitza positibo izan ziren eskualdean, eta atzo egindako probetan, aldiz, hogei. Azkoitian bederatzi lagunek eman dute positibo atzoko probetan, Azpeitian seik, Zarautzen eta Zumaian binak eta Orion batek.
Azkoitian gora egiten jarraitzen du kasu metatuen tasak; 425,60an zegoen atzo, eta 450,64an dago azken datuak kontuan hartuta. Eremu gorrian jarraitzen du beraz, eta eskualdeko udalerrien artean, intzidentzia tasarik altuena du. Azpeitian herenegun baino kasu gehiago baieztatu badituzte ere (sei izan ziren atzo eta bakarra herenegun), 328,52tik 302,23ra jaitsi da tasa. Hala, Azpeitia eremu laranjan dago oraindik.
Zarautzen behera egin dute atzemandako kasuen kopuruak eta intzidentzia tasak; atzo 235,58koa zen, eta 218,44koa da une honetan. Zumaian, ordea, berdin mantendu da tasa; 162,82koa da gaur ere. Orion herenegun baino emaitza hobeak izan dira atzoko probetan (lau kasu izan ziren herenegun eta bakarra atzo), baina tasak okerrera egin du hala ere. Izan ere, 244,62koa zen atzo, eta 260,93koa da gaur-gaurkoz. Semaforoko argi horiak piztuta jarraitzen du kostako hiru herri horietan.
Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Zestoan ez da kasu positiborik izan azken orduetan.
Positibotasun tasa gora
Hego Euskal Herrian 382 emaitza positibo izan dira atzo egindako probetan; hain zuzen, 160 Bizkaian, 118 Gipuzkoan, 57 Nafarroan, 44 Araban eta hiru beste lurralde batzuetan. Herenegungo probetan kasu gutxiago baieztatu zituzten; 368. Nafarroan aste osoko daturik onena izan da gaur argitaratutakoa, baina zertxobait igo da positibotasun tasa; %3,2koa izan zen atzo, eta %3,1ekoa herenegun. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere gora egin du positibotasun tasak, %3,3tik %4,1era.
Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan, dena den, hobera egiten jarraitzen du egoerak. COVID-19ak jota ZIUetan dauden pertsonen kopurua 100etik beherakoa izan da aurreko asteburutik, eta gaur egun, 83 dira. Guztira, 155 dira koronabirusa dela-eta Osakidetzan ospitaleratuta dauden pertsonak.