Eusko Jaurlaritzak duela gutxi eguneratu du egoera epidemiologikoaren gaineko txostena, eta horren arabera, 32 positibo izan dira Urola Kostan atzo egindako probetan. Izurriaren egoeraren hoberanzko joerak etena izan zuen lehengo astearen amaiera aldera, eta zenbakiak okerrera egiten hasi dira eskualdean.
Azkoitian 10 kasu positibo detektatu dira azken orduetan, eta hura izan da Urola Kostan positibo gehien izan den udalerria. Eremu gorrian jarraitzen du herriak, baina intzidentzia tasa zertxobait apaldu da; 484,02 izatetik 458,98ra jaitsi da, hain zuzen ere. Azpeitian zazpi izan dira zenbatutako kasuak, eta han intzidentziak gora egin du 335,09tik 354,80ra.
Zarautzen sei positibo detektatu dituzte, eta intzidentzia tasa 192,74tik 214,16ra igo da. Orion azken egunetako positibo kopururik altuena detektatu dute, bost, eta bikoiztu egin da tasa: 163,08 da gaur gaurkoz, eta eremu horian dago herria. Zumaian lau izan dira, eta han ere igo egin da intzidentzia tasa 111,94tik 152,64ra.
Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, eta Getarian ez da positiborik izan, eta intzidentzia tasa hutsean dute guztiek, Getariak izan ezik: 70,67.
424 positibo Hego Euskal Herrian
8.734 proba egin ziren atzo Hego Euskal Herrian, eta guztira 424 lagunek eman zuten positibo. Herenegun baino 13 gehiago izan dira. Araban 45 detektatu dituzte, Bizkaian 178, Gipuzkoan 110, eta hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren lagunen artean 5.
Ospitaleen egoerari dagokionez, atzo koronabirusak jotako 45 pertsona ospitaleratu zituzten Osakidetzaren mendeko erietxeetan. Denera 164 lagun daude ospitaleratuta, horietatik 89 ZIUetan.