Labi aholku batzordearen bileran adostutakoari jarraituz, SARS-Cov-2 birusaren hedapenari aurre egiteko neurrien eguneraketa iragarri zuen herenegun Eusko Jaurlaritzak. Maiatzaren 7an, Espainiako Gobernuak alarma egoera kendu bezperetan argitaratu zuen aurreko dekretua Jaurlaritzak. Funtsean, atzo argitaratu eta joan den gauerditik indarrean den dekretu berriarekin maiatzaren 7ko dekretuaren neurri gehienak bere horretan mantenduko dira.
Jaurlaritzak luzatu egin ditu “segurtasunari eta higieneari, pertsonen arteko gutxieneko distantziari eta maskarak erabiltzeari buruzko neurri orokorrak eta prebentzio neurriak”. Baina osasun publikoaren arloko neurri espezifikoei zegozkien aurreko dekretuaren 2. eta 3. artikuluak aldatu egin dituzte. Horrela, bost neurri hauek dira gaurtik aurrerako berrikuntzak:
- Merkataritza, gizarte eta kultur jarduera guztietarako ezarrita dagoen ixteko muga ordutegia, ostalaritzakoa barne, gauerdira arte luzatuko da, dagokion ordutegira doitzea eragotzi gabe, baita goizago ere, ordutegien arauketa arrunta aplikagarria denean.
- Haur eta gazteentzako hezkuntza-aisialdiko jarduerak antolatzen dituzten talde egonkorretako pertsonen gehieneko kopurua hamarrera igotzen da.
- Museoetan, erakusketa aretoetan, natura turismoan, eta aisialdiko eta turismoko zentroetan aire zabalean egiten diren bisitetan ere, taldeak gehienez hamar lagunekoak izango dira.
- Aire zabalean kirola egiteko ezarrita zeuden pertsona zein taldeentzako mugak kendu egin dituzte.
- Garraio publikoko zerbitzu guztiek gauerdira arte luzatu ahal izango dute irteerako ordutegia.
Beste neurri hauek, aldiz, bere horretan mantenduko dira:
- Merkataritzako edukierak: 150 metro koadro baino gehiagoko establezimenduetan, %40; eta neurri hortatik beherako establezimenduetan, %60. Azoka txikietan, ohiko postu kopuruaren erdia jartzea dago baimenduta.
- Ostalaritza: Gauerdira arte ireki ditzakete ateak (martxoaren 9tik 22:00etan zuten muga), baina gainerako neurriak ez zaizkie aldatu. Horrela, barruko gehienezko edukiera %50ean mantentzen da, debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea, mahai bakoitzaren bueltan gehienez lau lagun eser daitezke eta nahitaezkoa da maskara erabiltzea, irensteko unean izan ezik.
- Soziedadeak, txokoak eta antzeko lokalak ezin dira ireki.
- Gaueko aisia: Gaueko aisialdirako establezimenduak eta lokalak ere itxita mantentzen dira.
- Joko lokalak: Horiek ere gauerdira arte ireki ditzakete, %50eko edukierarekin gehienez.
- Kultu lekuak: Kultur lekuetan, gehienez %30eko edukiera onartzen da. Beilatokietan eta ehorzketetan, berriz, aire librean badira gehienez 30 pertsona elkar daitezke; eta toki itxi batean direnean, sei.
- Kirol instalazioak eta ekitaldiak: Kirol instalazioetan gehienezko edukierak %50ekoa izaten jarraituko du, eta %35ekoa, berriz, aldageletan. Kirol ekitaldiak ikuslerik gabe egiten jarraitu beharko dute.
- Kirol jarduera: Aire zabaleko kirol jardueretan pertsona kopuruaren muga kendu dute, baina ez horrela toki itxietan egiten diren kirol jardueretan; azken horietan, gehienez seiko taldeetan egin ahalko da kirola. Eskola kirolean entrenamenduak bakarrik daude baimenduta, eta aldagelak ezin dira erabili. Maskararen erabilera nahitaezkoa da, lehiaketetan eta aire zabalean egiten den jarduera fisiko bizietan izan ezik.
- Mugikortasuna, ordutegiak eta bilerak: Maiatzaren 9tik ez dago ez mugikortasun, ez etxeratzeko ordutegi mugarik. Era berean, espazio publikoetan zein pribatuetan pertsonak elkartzeko kopuru mugarik ere ez dago (goian aipatutako salbuespenetan ezik).
Hemen irakur daiteke Eusko Jaurlaritzaren dekretu berria, osorik.